3,7 milioi euro bideratuko dituzte inbertsioetara aurtengo udal aurrekontuetan

Txabi Alvarado Bañares 2019ko api. 29a, 11:09

Gasolindegia kendu eta biribilgunea eraikiko dute. / Aiaraldea.eus

EAJren aldeko botoekin eta EH Bildu eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu ziren aurrekontuak osteguneko Udal Osoko Bilkuran.

Iragan osteguneko Udalbatzan egin zen Amurrioko aurtengo udal-aurrekontuen behin behineko onarpena. EAJren aldeko botoekin eta EH Bildu eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zen udal gobernuaren proposamena. Gainontzeko alderdiek, aldiz, aurka bozkatu zuten. PPk nabarmendu zuen aurrekontuen atzean “EAJ eta EH Bilduren arteko akordioa” dagoela, eta “aurrekanpainan aurkeztea” ere kritikatu zuen.

Amurrio Guk Bai taldeak, aldiz, aipatu zuen iazko aurrekontuetan 12 emendakin aurkeztu zituztela eta ez zirela kontuan hartu. “Horregatik erabaki dugu aurka bozkatzea”, azaldu zuen Beatriz Izagirre bozeramaileak. Orain Amurriok ere aurkako botoa eman zuen. Talde independenteak hamar puntutan laburbildu zituen ezetza emateko zituen arrazoiak. “Urtero aurkeztu dugu osoko emandakina eta aurten ere koherentzia hori mantendu dugu”, nabarmendu zuen Kepa Gonzalez zinegotziak.

EH Bilduk, bere aldetik, EAJrekin erdiestitako akordioaren garrantzia nabarmendu zuen, euren programa politikoan zeuden hainbat proiektu egikaritzeko balioko duelako. Egitasmo horiek garatzeko “diru kopuruak eta kronogramak zehaztea” lortu dute horrela, Mariano Alava bozeramailearen hitzetan.

EAJk, bere aldetik, emendakin asko onartu eta aurrekontuetan sartu direla nabarmendu zuen, egingo diren inbertsio nagusiak laburbiltzearekin batera.

3,7 milioi euro inbertsiotan
Udal Gobernuak azaldu duenez,  15.963.009 eurokoa izango da aurtengo aurrekontua. Diru horren guztiaren %23,75a bideratuko da inbertsioetara:  3.791.595 euro guztira. 190.000 euro bideratuko dituzte Enplegu Planera. 10.000 euro erabiliko  dira  Kaskagorri futbol taldearen eta Zaraobe saskibaloi taldearen garraioa finantzatzeko. Horrez gain, egokitutako mendiko aulki bat erosiko du tokiko erakundeak 4.000 euroren truke, Amurrio Lagunkoia  eta Mugiamurrio programen barruan.

Horrez gain, 606.000 euro baliatuko dituzte  Gasolindegi zaharrean biribilgunea eraikitzeko lanak egiteko, eta beste 66.000 euro Larraben gizarte zentro bat eraikitzeko.

Horrez gain, beste hainbat inbertsio garrantzitsu egingo dituzte: Futbol zelaia eraikiko dute El Reforren (1,1 milioi euro erabilita), ur hornidura sarea berriztuko dute (422.000 euroren truke), argiztapen publikoa aldatuko dute (200.000 euroren truke) eta El Reforreko gimnasioko lurra moldatuko dute (25.000 euro).

Hiru lanpostu berri
Hiru lanpostu publiko berri sortzea ere aurreikusi du udalak:  gizarte langilearena, Berdintasun teknikariarena eta Euskara teknikariarena. Horrez gain, 65.000 euro baliatuko dituzte auzoetan zenbait lan egiteko eta 200.000 euro bideratuko dituzte AmurriokoEKIN aurrekontu parte-hartzaileen programara.

Zorrik gabe
Horrez gain, udal gobernuak nabarmendu du aurrekontu hauen bidez aurten zuen zorra kitatu ahal izango duela udalak. “2015ean, 1.090.500 eurokoa zen zorra hori, eta gastuaren kontrol zorrotzari esker, zor hori 2019an kitatuko da”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide