Amurrioko Udalak "Euskaraz bizi nahi dut" jaia prestatu du maiatzaren 17rako. Ostiralean izango da hitzordua, 16:45tik aurrera. Ohi bezala, kirola eta kultura jarduerak uztartuko dituzte. Herriko eragileek ere parte hartuko dute ekintzetan, Aspaltzak, Aiaraldeko Bertso Eskolak eta Nerbioi-Errugbi taldeak kasu.
Umeentzat ekintzak
Euskararen aitzakiapean elkartuko dira herrigunean nola haurrak hala helduak. 16:45etik 18:00etara, esaterako, Aspaltzakoen txokoa eta Felix Pikatzaren egur jolasena kokatuko dituzte parkean. 17:00etan, berriz, Errugbi erakustaldia egongo da zelaian, eta parkean, berriz, zunba. 17:30ean, ostera, Amurrioko bertso idatzien sari banaketa egingo dute Katekesi aretoan.
Jolaserako tartea, ordea, ez da hor bukatuko. Izan ere, 18:30etik 19:15era Altxorraren bila pista jokoa antolatu dute. Bukatutakoan txokolate jana eskainiko dute.
Bertsotrikidantza kalejira
Euskal dantzak, trikitilariak eta bertsolariak uztartuko dituzte iluntzean. Batetik, Trikitixa eskolako lagunak arituko dira, bestetik Aiara dantza taldea, eta azkenik Iñaki Viñaspre eta Asier Rubio bertsolariak. Kanturako parada, baina, gauera arte luzatuko da. Izan ere, "Otxote Ugarte" taldea eta Nafarroa Kantu Taldea arduratuko dira tabernak girotzeaz.
Iazko edizioko bideoa, hemen ikusgai: