Zerumuga iluna dago Valvospain-Ituarteko langileentzat. Asteartean bildu ziren Enpresa Batzordeko kideak zuzendaritzarekin. Lantegia martxoaren 26tik hartzekodunen aurre-lehiaketan dagoela jakinarazi zieten bertan, eta Enplegua Erregulatzeko Espedientea egiteko asmoa ere jarri zieten mahai gainean.
“Hala ere, zuzendaritzak oraindik ez du espedientea ofizialki abiatu”, adierazi diote komiteko kideek Aiaraldea hedabideari. Datorren astelehenean izango dute hurrengo bilera. “Enpresako buruek bankuekin izan dituzten harremanen berri emango digute bertan”.
Soldata atzerapenak
Gaur eguerdian egin dute Amurrioko lantegian bizi duten egoera salatzeko hirugarren mobilizazioa. Soldata atzerapenekin jarraitzen dutela salatu dute, besteak beste. “Oraindik ez dugu apirileko soldata jaso”, nabarmendu dute. Horregatik, mobilizatzen jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi dute beharginek.