Bi proiektu aurkeztu ditu Amurrioko Udalak Arabako Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzu Foru Planaren 2020-2021 programara. Landa Inguruko Eguneko Arretako Zentro bat eraikitzean datza lehen egitasmoa. Mendiko kalean kokatu nahi dute eraikina eta, aurreikusi dutenez, gaur egun baino 15 plaza gehiago barnebilduko lituzke azpiegiturak. 1.067.620,30 aurrekontua eta urtebeteko epea zehaztu dituzte lan hori egiteko.
Bigarren ekimena, aldiz, Forua kalean dagoen merkatu zaharra gizarte eta kultura zentro bihurtzean datza. “1976an udal azoka gisa eraiki zen, eta hainbat urte erabili gabe igaro ondoren, egokitzea aurreikusten da, zenbait erabilera izango dituen gune anitz gisa, azokak, erakusketak, jokoak edo kontzertuak, besteak beste”, azaldu du tokiko erakundeak, “horren ondorioz, une honetan aparkalekua den ingurunea urbanizatu egin ahal izango litzateke”. Kasu honetan, 894.770,58 euroko aurrekontua eta urtebeteko egikaritze-epea aurreikusi dituzte.