Leitzako udalerriak hartu zuen larunbatean Euskal Herria Mendi Erronka. Mendi Federazioak 67 kilometroko eta 3.700 metroko desnibela zuen ibilbidea prestatu zuen. Amurrio Trail Taldeko 16 korrikalarik hartu zuten parte, 14 gizonezkok eta 2 emakumezkok.
Lasterketa gogorra izan zen, 18 kilometro maldan gora izan zirelako; eta, gainera, eguraldiak ez zuelako lagundu, taldekideek adierazi dutenez. Izan ere, eguerditik aurrera haizea eta euria nagusitu ziren eta lokatza ugaritu zen.
Hala ere, amurrioarrek lortu zuten 3. postua taldekako sailkapenean. Iker Arana izan zen lehenengoa helmuga zeharkatzen, sailkapen orokorrean 23. izanik, 7:43:12 marka eginda. Gaizka Barañano 59. izan zen, Asier Fernandez 68. eta Axier Vivanco 156. Bestalde, Maria Menoyo 21. postuan sartu zen helmugara -emakumezkoen kategorian-.
Amurrio Trail Taldeko kideek Euskal Herriko Mendi Federazioa zoriondu dute ibilbide polita eskaintzeagatik eta dena primeran antolatzeagatik.