Orain Amurriok Bañueta Kiroldegiko esleipena legealdiko azken unean egitea kritikatu du

Aitor Aspuru Saez 2019ko mai. 23a, 12:00

Bañueta Kiroldegiaren kudeaketa erakunde publikoek guztiz egitea aldarrikatu du Orain Amurriok. / Aiaraldea.eus

Orain Amurrio taldeak prentsa oharra zabaldu du aldarrikatzeko Bañueta Kiroldegiko kudeaketa publikoa izan behar dela, eta kritikatu du maiatzean onartzea esleipen berria eta tasen igoera.

Orain Amurrio udal taldeak prentsa oharraren bidez adierazi du berriro Bañueta Kiroldegiaren kudeaketa guztiz publikoa bilakatzeko beharra. Horretarako, salatu du lizitazio berria maiatzaren 13an aurkeztu zela; eta EAJk, PPk eta PSE-EEk babestu zutela.

Gauzak horrela, Orain Amurriok aurreratu du gaur onartuko dela kontratua, hau da, hauteskundeak baino 3 egun lehenago. Talde independenteak gogoratu du birritan geratu dela bertan behera esleipena enpresarik ez zelako aurkeztu. "2017an 116.000 euro ordaindu zituen udalak defizitari aurre egiteko, eta 80.000 euro 2018an".

Opozisioko taldeak azaldu duenez, kontratazio baldintzak aldatu egin dira behin baino gehiagotan enpresentzako erakargarriak suerta zitezen, "baina guk gure buruari galdetzen diogu ea jokaera hau udal interesentzako eta kiroldegiko erabiltzaileentzako onuragarria den".

Zentzu horretan, taldeak erantsi du gogora ekarri behar dela Udalaren kudeaketa: "Amurrio Bidean S.A.U. Garapen Ekonomikorako Sozietate publikoaren bitartez (ehuneko ehunean kapital publikoarekin sortua), ez luke enpresa pribatu horien mozkinik zertan kontuan izan behar".

%30eko tasa igoera 15 urtetan
Horrez gain, udalean aritzen den talde politikoak salatu du maiatzaren 16ko udalbatzan onartu zela tasen igoera. Orain Amurriok jakinarazi du %2ko igoera emango dela urtero hurrengo 15 urteetan eta horrek kuota %30 garestituko duela guztira.

Taldeak aipatu du KPI baino gehiago dela igoera eta hori soilik justifikatzen dela enpresa pribatu kudeatzailearen mesedetan. Ondorioz, ziurtatu dute hori argudio bat gehiago dela zerbitzua publikoa izateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide