Saratxo Bizirik plataformak iritzi zutabea zabaldu du hedabideen artean herritarrak animatzeko, bozkatu ez dezaten edo boto baliogabearen alde egiteko.
Saratxoko taldeak nabarmendu du politikariek ez dutela gaitasunik eta borondaterik izan euren herritik igaroko den errepideak sortu dituen arazoak konpontzeko. Saratxoarren ustez, errepidea beharrezkoa da, baina Arabako Foru Aldundiak egingo duen azpiegitura guztiz neurriz kanpokoa da, garestia eta lursail gehiegi okupatuko ditu.
Alde batetik, Saratxo Bizirikek nabarmendu du politikariek ez dutela Arabako Foru Aldundiko teknikariaren irizpidea aldatzeko ahalmenik erakutsi, nahiz eta funtzionarioak hainbat proiektu eztabaidagarri egikaritu: "Gorbeia merkatal zentroaren sarrera, AP-1 errepideko eraikuntza gainkostuarekin, edo Alto de las Chozaseko obrak".
Bestetik, plataformak gogor salatu du EAJ, PP, PSE-EE eta EA egon direla Arabako Foru Aldundian edota udalaren agintaritzan eta kasurik ez dietela egin. Euren ustez, soilik Podemosek egin zuen lan serioa eta ez da aintzat hartu.
Gainerako alderdiei plataformak leporatu die euren ustea izatea errepideak poligonoen sarreren arazoa konponduko duela eta Arabak aurrera porlanaren bidez soilik egiten duela. Urduñan bozkak eskuratzeko barne presioen aurrean amore ematea ere egotzi die talde saratxoarrak talde politikoei.
Horregatik guztiagatik abstentzioa edota baliorik gabeko botoa eskatu dute iganderako.