1.984 euroko isuna ekarri dio pertsona bati Goikolarrako etxolak ordenazioz kanpo egoteak

Aitor Aspuru Saez 2019ko mai. 25a, 10:33
Goikolarrako etxolak ordenazioz kanpo daude. / Sagrario Moreno

Sagrario Morenok salatu du 1.984 euroko isuna ordaindu beharko duela Goikolarran duen etxola batean leihoa aldatzeagatik.

Sagrario Moreno oso haserre agertu da Amurrioko Udalean bizi izan duen "egoera kafkianoren" ondorioz. Izan ere, Goikolarran duen etxola batean leihoa aldatu zuen eta, auzokide baten salaketaren ondorioz, espedientea ireki zioten.

Horren arabera, 600 euroko isuna ordaindu behar zuen hilero kendutako leihoa (berria jarri aurretik zegoena) jarri arte, 6.000 euro guztira 10 hilabeteetan. Berak argudiatu zuen hori ezinezkoa zela eta, emaitzarik gabeko hainbat kudeaketa egin ostean, leihoa estali zuen.

"Leiho hori existitzen zen, baina salaketa jarri zuenak ez zuen ikusten sastraken eraginez. Azkenean itxi egin dut, nahiz eta etxolan hezetasuna eta arazoak areagotu diren", azaldu du Morenok.

Hala ere, 3 hilabete behar izan zituen horma estaltzeko eta Arabako Foru Aldundiak 1.984 euro ordaintzea exijitu dio: 600 euro hilabete bakoitzeko.

"Udalaren errua"
Sagrario Morenoren ustez, Amurrioko udal ordezkariena da ardura guztia eta arazoak konpontzeko gaitasun eza leporatzen die. Josune Irabien alkateak, aldiz, ez du horrela ikusten: "Guk ez genuen salaketa jarri, auzokide batek baizik. Salaketa ez tramitatzea prebarikazioa litzateke".

Hala ere, alkateak onartzen du egoera ez dela bat ere logikoa: "duela 50 urte baino gehiago Amurrioko Udalak lursaila laga zien auzokideei, euren etxeak oso txikiak zirelako eta etxolak han egiteko. Hala ere, dokumentazio hori ez da existitzen eta egoera ez da erregulatu. Ondorioz, lekua ordenazioz kanpo dago eta ezin dira obrak egin, ezin baitugu baimenik eman. Aldi berean, norbaitek lanen bat egiten badu, legez kanpo ari da".

Irabienek aldarrikatu du udalak legea jarraitu duela, nahiz eta bistakoa den Goikolarran arazoa dagoela: "udal teknikariekin landu dugu gaia, baina konponbidea ez da erraza".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide