“Munduko merkatuetan saretzea da erronka”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 29a, 07:00

Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapenaren kudeatzailea da Jose Antonio Merino. / Aiaraldea.eus

Arabako Txakolina ordezkatzen du JOSE ANTONIO MERINO (Amurrio, 1960) elkarteko kudeatzaileak. Eskuartean dituen zitak eta erronkak azaldu ditu.

Txakolin Eguna aurkeztu duzue. Zeintzuk izango dira aurtengo nobedadeak?

Sektoreari begira, dronei buruzko hitzaldia egingo dugu ostiralean; teknologia berrien erabilera aukerak azaltzeko ekoizleei. Azoka egunean ere egongo da ikusgai dronea -metro bat ingurukoa-, gailu modernoen erraztasunak bistaratzeko.

2018ko uzta ekainaren 2an emango da aditzera. Zer nolakoa da aurreikuspena?

Batzuek aurkeztu dute dagoeneko aurtengo txakolina, baina beste batzuek Txakolin Egunean egingo dute. Guztira 10 upategiren ekoizpena egongo da dastagai: Tellaetxe, Astobiza, Ametza, Beldui, Garate, Uno, Txikibia, Eukeni, Xarmant eta Etxebe. Horietatik bi, berriak dira gainera: Tellaetxe eta Etxebe.

Edariaz gain, janari eskaintza zabala egongo da, ezta?

Bai. Baserriko labeldun oilaskoa, hanburgesak, txerri-saiheskia, burruntzi-pintxoak, odolostea, arroza, txanpinoiak, txistorra eta ekotaloak eskainiko dira; baita bertako gazta, gilda eta abar. Iaz marisko postu txiki bat izan genuen arroza zuena, eta oso harrera ona izan zuenez, errepikatzea erabaki dugu. Alabaina, ezin zuten etorri, horregatik proposatu dugu arrozaren txokoa. Harrera ona izango duela uste dut. Inguruko ekoizleak dira gehienak, Gasteiz eta Larrabetzukoak ere badaude ere. Ohi bezala, kopak jarriko ditugu salgai, baina erosi nahi ez dutenentzat plastikozko edalontzi gogorretan zerbitzatuko da edaria. Azokako sistema betikoa izango da: txartelak erosi beharko dira postuetan txakolina, pintxoak edota errazioak jasotzeko.

Juanito Oiarzabal omenduko duzue aurten Txakolin Egunean. Zergatik?

Oso pertsona ezaguna delako. Gasteizen entzuna genuen oso txakolin zalea dela, eta Arabako produktuak  askotan defendatu ditu. Gainera, oso pertsona mediatikoa da, eta Txakolin Egunari ekarpen handia egin diezaiokeela uste dugu.

Igandean egingo duzue uztaren balorazioa. Zein da zure pronostikoa?

Datorren astean egingo dute azterketa unibertsitatean, beraz, ez dugu aurrez jakiterik. 500.000 botila inguru merkaturatuko dira. Iazko uzta oso txarra izan zen, eguraldiak zeharo kaskartu baitzuen ekoizpena.

Zeintzuk izango dira zuen aurtengo helburu edo erronkak?

Argi eta garbi: munduko merkatuetan sartzea batetik. Malasia eta Japonian sartu nahi dugu, Estatu Batuetan eta Mexikon bagaude jada. Suitza, Finlandia, Norbegia...  Ekoizpen guztiaren %30 inguru kanporatzen da beste herrialdeetara gaur egun. Urteroko lana da, baina kanpo mailan sendotzea nahi dugu.

Eta, bestetik, Gasteizen eta Araban hobeto posizionatzea; alegia, gure edaria lehenestea normaltasunez jatetxe edo tabernetan.

Aiaraldeko ekoizpena azken urteetan areagotu al da?

Bai. Klimatologiaren onura edo kalteak kanpo utzita, hazi egin da. Delikan, Amurrion, Okondon, Laudion, Artomañan egiten da. Aurten, gainera, Amurrion 2 upategi berri zabaldu dituzte. Txakolin mota asko ditugu gainera: hondarribi zuria, gorria, aparduna...

Zer nolako etorkizuna ikusten diozu txakolinari eskualdean?

Oso ona. Kontsumoa eta komertzializazioa handitzen ari dira. Ikusgarritasun gehiago izatea gustatuko litzaiguke, jendeak txakolinarekin gehiagotan kontatzea. Gaur egun egoera onean gaudela uste dut. Badira upategiak, eta instituzioek babesten gaituzte. Arabako txakolinen salmenta postua ere badugu Gasteizen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide