"Bañueta auzoan Gizarte Etxea izatea lortu dugu", adierazi du Jon Gerrero kideak. Horretarako lokala alokatu dute, kultura ikastaroak egiteko asmoz. Xakearena izango da lehenbizikoa, baina bestelako jarduerak ere lotu dituzte dagoeneko. Ekainaren 22an, esaterako, lehen sorospenak nola egin ikasiko dute bertaratzen direnek.
Bizilagunen eskaerei ere erantzun nahi diote aretoarekin: "Urtean zehar hainbat ekitaldi egingo ditugu, auzokideek eskatutakoak edo bestelakoak: urtebetetze festak, bilerak egiteko tokia jarriko dugu, euskaraz lasai hitz egiteko mintzalagun gunea, gazteek lasai ikasteko... Tokieder tabernaren alboan dago lokala".
Harremanetan jartzeko edota informazioa jasotzeko bertatik pasatzeko gonbita luzatu diete herritarrei.
Aurkezpen jaia
Ekainaren 22an, uda hasierarekin batera ospatuko dute egoitzaren inaugurazioa: "Jaia antolatuko dugu afaritxo batekin. Gure proiektua martxan jartzeko lehen suziria izango da".