Iturri berria ipini dute Amurrioko plazan. Guillermo Trujillano Agirre herritarrari enkargatu diote lana, eta harriz eta brontzez osatu du azpiegitura. "Amurrioko Juan Urrutia parkeak, harriz eta brontzez egindako sagar itxurako beste iturri bat dauka joan den astetik. Egileak, Guillermo Trujillano Agirre amurrioarrak, Amurrioko Udalari oparitu zion artelana, Debako Arte Eskolan ikasten ari zela", adierazi du Udalak prentsa oharrean.
Sormenaren iturria Oteizak bultzatutako Arte eskolako ariketa batean dago, egileak aitortu duenez. "Amaitu ondoren, eta Bartzelonan Arte Eder ikasketak hasi aurretik, Udalari oparitzea erabaki zuen", erantsi du tokiko erakundeak.
Iragan astean jarri zuten martxan iturria, Trujillano Amurriora itzuli zenean. Obrak 300 kilo ditu, oinarria harriz osatua dago, eta sagarraren hostoa zein buztana ditu irudikatuta brontzearekin.