Udako kanpaina aurkeztuko du bihar Amurrioko Gazte Asanbladak

Txabi Alvarado Bañares 2019ko eka. 7a, 17:00
Ekimen ugari egingo dituzte Amurrioko Gazte Asanbladako kideek datozen asteetan. / AGA

Hainbat ekintza egin nahi dituzte udan:  udako zinema, akelarrea, kaleko eskola, Tologorriko aterpetxean egonaldia, txangoak eskualdetik barrena...

Udako kanpaina aurkezteko jaia egingo du bihar -larunbata- Amurrioko Gazte Asanbladak. Agerraldia egingo dute arratsaldeko seietan Juan Urrutia plazan. “Kaleak hartu” ekimena egingo dute jarraian, eta Elexondo pasealekura mugituko dira gero. Parrillada, txosna eta Perdido Entre Ilusiones musikari amurrioarraren kontzertua egongo dira bertan, zazpietatik aurrera.

Azken hilabeteetan hausnarketan murgilduta egon dira gazte asanbladako kideak. Hausnarketa horien ondorioak dira bihar plazaratuko dituztenak. Aurreratu dutenez, “hiru ildo nagusi” jorratuko dituzte aurrerantzean: Kalea, Gaztetxea eta Eskualdeko Gazte Asanbladak. “Hiru ildo horiek lantzeko  kanpaina bat abiaraztea pentsatu genuen”, azaldu dute, “asmoa uda honetan gazteak aktibatu eta kaleak hartzea da, horregatik Kalea gurea da! izenarekin bataiatu dugu kanpaina. Uda kalean egoteko eta kaleak (ber)pizteko urtarorik hoberena denaren ustean baikaude”. Hainbat motatako ekintzak garatu nahi dituzte horretarako datozen hilabeteetan: udako zinema, akelarrea, kaleko eskola, Tologorriko aterpetxean egonaldia, txangoak eskualdetik barrena... “Hilabete guztietako egitaraua larunbat honetan argitaratuko dugun arren, asmoa izango da hilero zehatzago argitaratzea”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide