"Okupatutako Saharan zer gertatzen den ezkutatu egiten da, ez da gatazka politikoaz hitz egiten"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko eka. 11a, 08:47

Aglahum Larosi, Amurrioko parkean. / Aiaraldea.eus

AGLAHUM LAROSIk (Sahara, 1981) gatazka politikoagatik eta osasun arazoengatik egin zuen ihes Tinduffeko errefuxiatuen akanpalekutik. Lurralde okupatuetako egoeraz mintzatu da.

Noiz utzi zenuen atzean Sahara?

2005ean egin behar izan nuen alde bertatik, 24 urterekin;  baina bertan jaio eta hezi izanagatik, han bizi naizela sentitzen dut oraindik ere.  Tinduffeko errefuxiatuen akanpalekuetan bizi nintzen, baina osasun arazoak medio atera nintzen lurraldetik, istriputik sendatzeko. Hango baliabideak oso murritzak dira.

Nolakoa izan zen bidaia?

Amurriora ez nintzen zuzenean etorri. Badajozen bi hilabete eman nituen, hegazkinak han uzten baikaitu. Amurrion izeba bat nuen, horregatik etorri nintzen hona. Denbora bat pasata, ordea, Badajozera itzuli behar izan nintzen paperak eskuratzera.

Migratzaileentzat “paperak lortzea” ez da prozesu erraza, ezta?

Ez. Horregatik ni han-hemenka ibili behar izan naiz, lana bilatzeko. “Paperak lortzeko” hiru urtez hemen erroldatua egotea eskatzen digute, eta lan kontratua. Horregatik, Badajoz eta Andaluziara jo behar izan nuen lan bila. 2010ean Amurrion finkatzea erabaki nuen, ezkondu eta seme-alabak izan nituenean.

Nolako egoera bizi duzue Tinduffen?

Oso txarra. Hango klima ezberdina da, beroa jasanezina da. Uda gainontzeko urtaroak baino sufrituagoa da. Ez dugu apenas urik, aire giroturik… edatea eta dutxatzea dira bizirauteko modua.

Eta errefuxiatuen akanpalekuetan?

Bizi ezik, zaila da azaltzen: oso egoera gogorrean bizi gara. Urte asko daramatzagu borrokan… urtero esaten dugu hau bukatuko dela, baina berdin jarraitzen du denak. Gobernuz Kanpoko Erakundeek eskubideez hitz egiten dute, baina hitzak baino ez dira. Une honetan, okupatutako saharan zer gertatzen den ezkutatu egiten da, ez da gatazka politikoaz hitz egiten.

Gatazka politikoak zer nolako eragina izan du zuen egunerokoan?

Facebooken zuzenean ari dira emititzen, begira… Polizia jendea kolpatzen ari da, zaurituak daude uneoro… 2005etik ez dut ikusi telebista programa bat ere ez eguneroko albistegietan gatazka lantzen. Ez al dugu eskubiderik pertsona eta herri gisa? Gu ez gaude Europan nahi dugulako, eta ez da justua. Eskubideak hitzak baino ez dira. Espainia da guzti honen erruduna, Sahara Marokoarren esku uzteagatik. Ez zaie interesatzen gure gatazka, horregatik isiltzen dute. Ea iristen den soluzioa... baina zaila ikusten dut.

Nolakoa da saharar komunitatea?

Amurrion 20 familia saharar gaude.Jende oso umila eta irekia gara, Andaluziarrak bezalakoak. Beti gaude laguntzeko prest… hemen ez dakizue hori egiten. Niri oraindik ez zait inor hurbildu laguntzarik behar dudan galdetzera.

Zuena ez den hizkuntzan komunikatu beharra, oztopo al da harremantzeko?

Bai eta ez. Guk Hassania hitz egiten dugu, baina Saharan gaztelera eta arabiera erakusten dira eskolan. Herritarrek ezagutu gabe epaitzen gaituzte, oztopo handiagoa da aurreiritziena, hizkuntzarena baino. Jendeak uste du gizarte laguntzak lapurtzera etorri garela, eta ahaztu egiten zaie jaten duten arraina Afrikakoa dela, edota oporretan doazen hondartzetako area gure lurretatik garraiatu dutela. Eskerrak eman beharko lizkigukete.

 

"Oztopo handiagoa da aurreiritziena hizkuntzarena baino. Jendeak uste du gizarte laguntzak lapurtzera etorri garela, eta ahaztu egiten zaie jaten duten arraina Afrikakoa dela, edo oporretan doazen hondartzetako area gure lurretatik garraiatu dutela"

 

Jaioterriak bizitza baldintzatzen du?

Bai, dudarik gabe. Ez baduzu dokumentaziorik, ez zara inor. Ni, adibidez, haurdun etorri nintzen, zentimo eta diru sarrerarik gabe… Caritasera, Gurutze Gorrira eta Lanbidera joan nintzen eta inork ez zidan ezer eman. Oso mingarria da gutaz ezer jakin gabe jendeak epaitzea. Urte guzti hauetan bizilagun batek ere ez dit atea jo laguntzarik behar dudan galdetzeko. Hori Saharan ez da gertatzen. Kotxean sartzen naizen bakoitzean beti dago baten bat begira ea zer egitera noan, edo balkoitik kuxkuxeatzen. Guretzat ohorea da jendea alboan izatea, esaterako, orain, akanpalekuan Estatu Batuetako familia bat bizitzen dago.

Mugak, aurrera egiteko muga al dira?

Lehen edonor zen librea herrialdez aldatzeko. Orain guztiz kontrolatua dago, oso zaila da: pasaportea eta bisa behar duzu. Dokumentazioa lortzea ez da erraza, pertsona bakoitzaren egoera mundu bat da...  Guk pittin bat "errazago" dugu gure gurasoek okupazioagatik Espainiako nortasun agiria dutelako; baina askorentzat ezinezkoa da. Argelian, Marokon… dokumentazioa lortzeko 3 urtez egon behar dute lurralde horretan erroldatuta, eta kontratua aurkeztu behar dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide