61 langile kaleratu nahi ditu Valvospain-Ituarteko zuzendaritzak eta enpresa hartzekodunen lehiaketan sartu da

Txabi Alvarado Bañares 2019ko eka. 11a, 12:23

Borrokan jarraituko dutela nabarmendu dute langileek.

Zuzendaritzak gaur bertan aktibatu nahi du Enplegua Erregulatzeko Espedientea. Langileek, euren aldetik, borrokan jarraituko dutela nabarmendu dute.

Bilera izan zuten Valvospain-Ituarteko langileek atzo enpresaren zuzendaritzarekin, fabrikaren egoeraren inguruan hitz egiteko. Bi gauza jarri zituen zuzendaritzak mahai gainean. Alde batetik, jakinarazi zuen enpresa iragan ostiraletik dagoela hartzekodunen lehiaketan. Bestetik, Enplegua Erregulatzeko Espediente bat martxan jarriko duela iragarri zuen. Fabrikako buruek gaur bertan aktibatu nahi dute espediente hori, eta 61 langileren kaleratzea eragingo luke (fabrikan dauden langileen erdia baino gehiago).

Horrez gain, greba bertan behera uzteko eskatu die zuzendaritzak beharginei, eta jakinarazi die soldatetan egondako atzerapenak FOGASAren bidez ordainduko dituztela (hau da, diru publikoa baliatuta).

Langileek, euren aldetik, "argiak ez izatea" leporatu diete enpresako buruei. “Balizko erosleak egongo liratekeela esaten digute, baina ez digute zehazten nortzuk diren eta ez digute inoiz ziurtatzen enpresaren aldeko apustua egingo duten”.

Ekainaren 13an dute hurrengo zita, orduan bilduko baitira enpresa komiteko kideak hartzekodunen lehiaketaren administratzailearekin. “Enpresak eginiko proposamenarekiko dugun desadostasuna plazaratuko dugu bertan”, aurreratu dute beharginen ordezkariek, eta nabarmendu dute ez dutela borrokatzeari utziko. “Kalean jarraituko dugu enpresak eginiko kaleratze plana bertan behera uzteko, gure lanpostuak defendatzeko eta gure soldaten alde borrokatzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide