Bilera izan zuten Valvospain-Ituarteko langileek atzo enpresaren zuzendaritzarekin, fabrikaren egoeraren inguruan hitz egiteko. Bi gauza jarri zituen zuzendaritzak mahai gainean. Alde batetik, jakinarazi zuen enpresa iragan ostiraletik dagoela hartzekodunen lehiaketan. Bestetik, Enplegua Erregulatzeko Espediente bat martxan jarriko duela iragarri zuen. Fabrikako buruek gaur bertan aktibatu nahi dute espediente hori, eta 61 langileren kaleratzea eragingo luke (fabrikan dauden langileen erdia baino gehiago).
Horrez gain, greba bertan behera uzteko eskatu die zuzendaritzak beharginei, eta jakinarazi die soldatetan egondako atzerapenak FOGASAren bidez ordainduko dituztela (hau da, diru publikoa baliatuta).
Langileek, euren aldetik, "argiak ez izatea" leporatu diete enpresako buruei. “Balizko erosleak egongo liratekeela esaten digute, baina ez digute zehazten nortzuk diren eta ez digute inoiz ziurtatzen enpresaren aldeko apustua egingo duten”.
Ekainaren 13an dute hurrengo zita, orduan bilduko baitira enpresa komiteko kideak hartzekodunen lehiaketaren administratzailearekin. “Enpresak eginiko proposamenarekiko dugun desadostasuna plazaratuko dugu bertan”, aurreratu dute beharginen ordezkariek, eta nabarmendu dute ez dutela borrokatzeari utziko. “Kalean jarraituko dugu enpresak eginiko kaleratze plana bertan behera uzteko, gure lanpostuak defendatzeko eta gure soldaten alde borrokatzeko”.