Lekuko aldaketaren ekitaldia “polita eta dinamikoa” izan da, Eneko Aldairen hitzetan. Aresketa Ikastolako lehendakariak datorren urteko jaiari begirako hainbat gauza aurreratu ditu. “Helburua izango da eskualdean euskara bultzatzea, festa inklusibo baten bidez”. Ikasleen eta Aiaraldeko zein Euskal Herriko sortzaileen arteko elkarlana sustatu nahi dute horretarako. “Gazteak gonbidatu nahi ditugu euskaraz gozatu, sortu eta komunikatzera”. Gauzak hala, euskararen alde lanean dabiltzan Aiaraldeko eragile eta talde guztiei luzatu diete ekimenean parte hartzeko gonbita. “Erronka zaila da esku artean duguna, baina baita polita ere”.
Lau aldiz ospatu da ikastolen aldeko jai hori Amurrion. 1986. urtean izan zen lehen aldia, 1996an bigarrena, 2005ean hirugarrena eta 2013an, aldiz, azkena. Laudion ere hainbat aldiz ospatu da festa: 1983. urtean, 1993an, 2000an eta 2011n. Leloa oraindik ez dute aurkeztu, baina ekainaren 14an izango da festa.
Argazkiak: Jon Catalan