[UDARIKLIK] Amurrioar bat Berlingo undergroundean, Ruben Lopez eta Zcentrifuga

Aitor Aspuru Saez 2019ko eka. 21a, 07:13

Ruben Lopez Ranero amurrioarra Berlinen bizi da duela 4 urte eta bere arteari esker bizitzea lortu du. Zcentryfuga lokalean dauka tailerra hainbat kolektiborekin eta kartelak seriagrafiatzen ditu bertan, besteak beste.

Ostkreuz metro geltokitik jaitsi eta Zcentrifuga izeneko diskotekara jotzen dugu. Ez da zaila topatzea. Berlingo txoko askotan agertzen diren street art itxurazko eraikinetan bezala, lokalak ordenik gabeko kolore eta apaingarri ugari ditu.

Telefonora deitu eta gero, Ruben Lopez amurrioarrak irekitzen du atea. Tintaz zikinduta dago, lanean harrapatu baitugu.

Izan ere, Ruben ez doa Zcentrifugara ez dantzatzera, ez edatera, baizik eta serigrafian lan egitera. Amurrioarrak Orbeko Etxeko Serifly kolektiboan hasi zuen bere ibilbidea tinta eta pantailekin kamiseta eta partxeak egiten. Bartzelonan ere ibili zen tarte batez ikasten eta bertako etxe okupatu ospetsu batean bizitzen.

Eskualdera itzuli eta gero, ordea, Alemaniara jo zuen eta Berlinen bizi da duela 4 urte. Han topatu du lekua; ez bakarrik familia sortu duelako han, baita bere lanak saltzeko eta horri esker bizitzeko aukera izan duelako ere: "Hemen jendeak gogoko ditu eskuz serigrafiatutako lanak biltzea".

Zcentrifugan dauka tailerra Rubenek: "Kolektibo batek kudeatzen du diskoteka, eta eremuaren barruan eraikin bat ere dutenez, beste kolektiboei alokatzen diete".

Kolektibo nahiko elkartzen dira etxe horretan. Rubenen eta bere laguna den Alexen serigrafia tailerraz gain, musika taldeak daude.

Hala ere, bi proiektu bitxi gehiago elkartzen dira barruan. Batean zaborrean topatutako material anitzak birziklatzen dituzte performanceak egiteko. Harrigarriena Rubenentzat da jende oso nagusia dagoela taldean, baita aniztasun funtzionala duen lagunen bat ere.

Bestean stop-motion filmak egiten dituzte, baina amurrioarrak aitortzen duenez, bertako kideak ez ditu sarritan ikusten.

Rubenek, edonola ere, beste kolektibo batean parte hartzen du, "Unter Druck"-en, hain zuzen. Horren muina ez dago Zcentrifugan bertan, baizik eta beste auzo batean. Han bulegoak eta gelak dituzte kalean bizi diren pertsonak babesteko eta laguntzeko: "Kartelak guk egiten dizkiegu eta urtean behin, neguan, garai oso gogorra denez eta bitartekoak behar dituztenez, enkantea egiten dugu. 2.000 edota 3.000 euro eskuratzen ditugu eta dibertigarria da."

Bere egunerokotasunari dagokionez, Rubenek askotan egiten du lan Alexekin. Bere laguna eta lankidea Valentziakoa da eta Ruben bera izan da bere maisua. "Biok dugu oso antzeko ikuspegia, maiz elkarrekin lan egiten dugu eta jaialdi eta azoketara joaten gara elkarrekin. Kartelak, poltsak, pegatinak... egiten ditugu", azaltzen du Alexek.

"Berlinen posible da Do It Yourself filosofian oinarritutako negozioa irekitzea", aipatzen du Rubenek. Hala ere, ez da lan samurra.

Adibidez, asko saltzen dituzte kontzertuen eta jaialdien kartelak eta posterrak, baina horretarako ezinbestekoa da taldeekin harremanak izatea: "lanaren zati handi bat da idaztea eta etengabe galdetzea. Harreman egokia izan behar duzu, ideia gustuko izan behar du taldeak eta, behin kartelak eginda, kontzertuetan saltzen ditugu".

Rubenek talde underground famatuekin lan egin du: Mudhoney, Neurosis, Melvins, Kreator edo Swans-ekin, adibidez. Alexek, dena den, jakinarazten du banden arabera atseginagoa edo okerragoa dela horretan aritzea: "Batzuk eskuratzen den diruaren erdia eskatzen dizute. Beste batzuek ez dizute ezer eskatzen, edo oso gutxi exijitzen dute. Ministry taldearekin ezuste oso ona izan nuen, adibidez. Ez zidaten ezer eskatu, merchandising saltzaileen %20a baino ez. Beti ez duzu baiezkoa jasotzen".

Rubenek azaltzen du batzutan ez dela erraza etekinak eskuratzea: "Nik izan dudan traturik okerrena Neurosisekin izan da. Ekoizpenaren erdia eurentzat izan zen doan eta nik kontzertuaren ostean baino ezin izan nituen posterrak saldu".

Hitz egiten duten bitartean, jaialdi baterako kartelak inprimatzen dituzte. Hara joko dute asteburuan euren sorkuntzak ere saltzeko.

Orokorrean, uste dute Alemanian jende gehiagok erosten duela horrelako artea diru gehiago dutelako. "Jendea 100 eurorekin joaten da kontzertuetara", argitzen du amurriorrak.

Alexek gogoratzen du Boris taldearen kontzertu batean ikusi zuela pertsona batek 600 euro gastatu zituela merchandisingean.

Hala eta guztiz ere, gogorra da euren sorkuntzekin aurrera egitea, lortzen badute ere. Alexek adierazi du: "ez daukagu egun librerik, beti egon behar zara adi mezuak erantzuten dizkizuten ikusteko, edo sare sozialak eguneratzen".

Ruben Berlinera heldu zenean, adibidez, denda guztiak bisitatu zituen bere materialak saltzeko. Hainbat produktu probatu ditu eta, kartelez gain, poltsak ere asko saltzen dituzte: "jendea kontzertuetara poltsorik gabe doa eta konturatzen direnerako bat behar dute diskoak eramateko".

 

Jaialdiaren ekoizpena bukatzear dago eta, patxadaz bukatu dezaten, Alex eta Rubeni agur esan eta etxeari azken begirada ematen diogu barrutik.

 

 

Bide batez, Rubenek diskotekaren eremua ere erakusten digu:

 

Horren ostean, Ruben agurtzen dugu. Espero dugu laster eskualdean ikustea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide