Ate joka daude Tertangako jaiak. Atzo hasi ziren festak, Kristobal Deunaren omenezko ospakizunekin. Hain zuzen, 11:00etan zuten txupina, kanpai errepika, suziri eta guzti. Mezaren ondoren, trikitilariak zein buruhandiak bildu ziren enparantza inguruetan. Arratsaldean, berriz, etxez etxe ibili ziren trikiti doinuez girotzen. 18:00etan, ostera, umeentzako jolasak egon ziren frontoian Urtxintxa Eskolakoen eskutik. Gaur, ordea, meza, janaurrekoa eta herrikoen bolo jokaldia izango dira nagusi.
Asteburuko ekitaldiak
Ostiralean izango da musikaren txanda. 22:30ean irekiko dute txosna pilotalekuan, 23:30ean hasteko musika jaialdia. Zehatz mehatz, Tximeleta taldea eta Karrifest izango dira gaueko erreginak.
Larunbatean, aldiz, XXVI. Mus Txapelketa jokatuko da. 16:30ean zabalduko dute izen-ematea, 15 euroren truke. Sariak ondorengoak izango dira: irabazleentzat txapela bana eta bildutako diruaren %50a, bigarrenentzat botila sorta eta jasotakoaren %20a eta hirugarrenentzat botila sorta eta lortutako sosen %10a.
Arrastariako herritarrentzako afari herrikoiarekin bukatuko dira festak, 20:30ean. Jai Batzordeak erantsi duenez, gainera, ez da musikarik faltako.