Elexazarreko aztarnategiaren erdigunea azaleratuko dute aurten

Erabiltzailearen aurpegia
Erromatar garaiko aztarnategia da Elexazar. / Ondare Babesa

Erromatar garaiko aztarnategian indusketa arkeologikoen IX. kanpaina hasi dute, eta lanetan parte hartzeko interesa duten lagunen laguntza eskatu dute.

Amurrion kokatuta dagoen Elexazarreko aztarnategiko lanei ekin diete berriz, IX. kanpainan. Aurten aztarnategiko erdiko gunean ariko dira bereziki. Bertan aurkitu dute kale-plaza antzeko bat, eta erromatar garaiko bertako biztanleentzat garrantzi handiko gunea zela uste dute. Juanjo Hidalgo arkeologoak aurreratu du ez dutela espero bertan egitura berririk aurkitzea, "baina bai bertan bildutako materialak". Horiekin, "tokiaren izaera kultural eta erlijiosoari" buruzko informazio osatuagoa lortzea espero dute.

Hiru aste inguru emango dituzte lanean: asteazkenean hasita eta hilaren 12ra arte izango da lehen tartea. Abuztuaren lehen astean beste astebete emango dute bertan. Dena dela, eta bertan parte-hartzen duen jendeak boluntario gisa diharduela kontuan hartuta, behin betiko datak aurrerago zehaztuko dituzte.

Parte-hartzearen iraupena egun batekoa edo gehiagokoa izan daitekeela azaldu dute. "Lanok borondatezkoak eta altruistak dira, eta gure historiari buruz ikertzeko interesa duten pertsonak elkartzea dugu helburu", esan du Hidalgok.

Izena emateko adin nagusikoa izatea eta elexazar@gmail.com posta elektronikora mezu bat bidaltzea besterik ez da behar, bertan harremanetarako datuak jarrita. Horrez gain, "parte hartzeko baldintza bakarra ikasi nahi izatea eta gure ingurune hurbileneko galdutako historiaren zati bat ezagutzeko ilusioa izatea da", Hidalgok nabarmendu duenez.

Joan den urtean egindako lanen emaitzak aurreratu ditu Hidalgok, erromatar garaiko gunearen planoa pixkanaka argitzen ari den erakusle. Aztarnategian C3 gisa identifikatu duten eraikina abereak gordetzeko erabili izan zeneko hipotesia babestu dute datu berriek. "Ez du barne-banaketarik, badirudi ukuilu luze bat dela, abereak –ziurrenik behiak– gordetzeko, erditzear zeudenean edo kumeek edoski bitartean", azaldu du adituak. Abereak gordetzeko eraikinaz gain, bizitzeko eta gauzak gordetzeko beste gune bat eta lantegi bat identifikatu dituzte.

Artikulu hau Alea.eus atarian plazaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide