Joan baino egun bat lehenago elkartu nintzen Zigor Egiarekin bere etxean. Ganbaran materiala pilatzen ari zen sailkatzeko eta motxilan sartzeko. Bereziki, Altus markako zenbait elementu sartu zituen, bidaian babestu baitzuen enpresak.
Bizirauteko ezinbesteko tresnak eta hornigaiak prestatzen ari zen: pioletak, sokak, kaskoa, frontala, botikina, satelite bidezko telefonoa... eta nola ez, odolosteak, lukainka eta gazta.
Hasieran bere plana zen Iranera joatea lagun batzuekin, baina datak ziurrak ez zirenez, beste espedizio batean parte hartzea erabaki zuen. Mendizale batek Groenlandian irteera zientifikoa bertan behera utzi behar izan zuen azken unean eta itsasontzia Islandian zegoenez, erabaki zuen mendi txangoa bilakatzea.
Zigorrek erabaki zuen ekimenera batzea. Azkenean, lau mendizale elkartu ziren proiektuan: Vicente -kapitaina eta mendizalea-, Pablo Granadako mendi gida eta Aurelio, patroiaren lagun madrildarra.
Abentura uste baino okerrago hasi zen. Denboralea agertu zen euren bidean eta planak aldatu behar izan zituzten.
20 orduz 4 metroko olatuak jasan zituzten eta ontzia etengabe mugitzen zen. "Guztiok egin genuen botaka, kapitaina ezik, eta yogurta eta gailetak izan ziren gure elikagaia egun horretan. Ezin genuen sukaldea erabili eta gorputzak ez zuen beste ezer onartzen", azaldu du Egiak. Lo egitea ere oso zaila zen eta sare batzuk jarri behar izan zituzten lurrera ez erortzeko.
Iparraldera jo zuten Islandiako kostaldetik eta itsasoaren bortizkeria ikusita, portu batean babestu behar izan ziren. Egunak guztiz ez galtzeko Snaefellsjökull sumendira -Julio Verne inspiratu zuena munduko erdigunera bidaiatzeko- bertaratu ziren eta tontorrera igo ez baziren ere, 20 kilometroko ibilbidea osatu zuten.
Eguraldi txarraren ondorioz, aurreikusitako fiordorako bidea egin ordez, iparralderago bidaiatu zuten, ekaitza saihesteko.
Hala eta guztiz ere, Groenlandiara iritsi baino lehen bestelako erronka bat zuten aurretik: icebergak. Zaintza lanak egin behar izan zituzten izotz bloke batekin topo egiten ez zutela ziurtatzeko.
Hori bai, behin lekura helduta dena ahaztu zuten: "kostaldea bera mendi lerroa da, 1.000 metrokoa edo. 0tik hasten zara eta dena da igoera. Mendi gehienetan ez da inor egoten, inuit ehiztariak bakarrik heltzen dira. 14 egunetan ez genuen inor ikusi".
Behin hara helduta, bi mendira igo ziren. "Aintzat hartu beharra dago hango egoera oso ezberdina dela. Lurrera heltzeko zodiac txiki bat baliatzen genuen".
"Behin helduta, kontuan izan ez dagoela berehala erreskatatua izateko aukerarik eta prestatu beharra dagoela 5 edo 10 egunez bizirauteko materiala (arropa, teknologia, janaria...). Bidoi itxi batean sartzen genuen dena. Edonola ere, lehenik eta behin, itsasontzia ondo ainguratu behar da. Eta zortea ere eduki behar genuen, icebergak mugitzen baitira eta batzuk eraikinak bezain handiak dira. Horrelako batek ontzia txikitu dezake" argitu du amurrioarrak.
Horri gehitu behar zaio hartzak daudela Groenlandian eta armatuta joan behar zirela animalien erasoei aurre egiteko: "nik pentsatzen nuen hartza guregana etorriz gero, airera tiro egitearekin nahikoa zela, baina esan zidaten ezetz, burura egin behar zela, horrek esan nahi nuen gu ehizatzeko asmoa zuela!".
Gainera, ia ez dago erreferentziarik eta bideak lehenengo aldiz ireki behar izan dituzte. Horretarako mendiak inguratu zituzten itsasontziarekin eta eskalada ondo analizatu.
Denbora asko behar izan zutenez horretarako guztirako, 2 mendi besterik ez zituzten igo -3 egun Islandian geldirik egon behar izan ziren-.
Igotako bi mendien artean, lehenengoak bazuen izena, Keglaberg, baina bigarrena ez zuen inork zapaldu aurretik eta Iorana Peak bataiatu zuten -ontziaren izenaren omenez-.
Bigarren txango horrek 12 ordu inguru iraun zuen. Jaitsieran lainoa zen nagusi eta jarritako seinaleei esker ez zuten arazorik izan.
Groenlandiako beste erronka handia izan zen gau eza. Egun osoan ikusten zen eguzkia eta horrek desorekak sortzen zituen euren egunerokotasunean, baina, bestalde, abantaila zen irteeretan, ez baitzuten iluntasunaren arriskua.
Eskaladak ez ezik, fiordoetan barneratu ziren paisaia ikusteko eta aisialdirako tarteak ere hartu zituzten. "Gin tonic bat egin genuen iceberg baten izotzarekin. Pentsa ezazu, duela milaka urte sortutako izotza erabili genuen horretarako" aipatu du barrezka Egiak.
Itzultzeko itsasoa baretu zen, baina lainoak zaildu zuen bidaia. Gainera, ia Islandiaraino iceberg pilo mugitu ziren eta etengabe zaintzak egin behar zituzten izotzarekin kontra ez jotzeko. "Radarrak ezusteren bat eman zigun, izotz puska guztiak ez baitzituen identifikatzen" nabarmendu du Egiak.
Zailtasunak zailtasun eta ezusteak ezuste, Zigor Egia oso pozik itzuli da Groenlandiatik eta ez lioke uko egingo errepikatzeari. Guztiz kontrara, "hurrengo batean joaten bagara, hilabete osoa emango dugu" aurreratu du Aiaraldeko mendizaleak.
Irudi gehiago: