[UDARIKLIK] Tourreko emozioen maldan, Ixone Núñezen etapa

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abu. 1a, 13:37

Ixone Núñez amurrioarra txirrindularitzako argazkilaria da. Frantziako Tourra urrunetik bezain gertutik jarraitu du.

Aspalditik da txirrindularitzaren jarraitzaile sutsua Ixone Núñez amurrioarra. Aiaraldeko beste zenbait herritarrek bezala, uztaila osoan zehar jarraitu du Frantziako Tourra. Batzuetan, telebistatik; eta besteetan etapara bertaratuta.

Hain zuzen, uztailaren 16tik 21era joan zen Frantziara. Ez zuten udako plan makala prestatu: "Taldeko gehiengoak txirrindularitza praktikatzen dugula aprobetxatuz, Pirineotako portu ospetsuenak igo ditugu, eta zonaldea inguratzen duten herrixkak bisitatu". Atsedenerako Luz-Saint Sauveur herriko kanpina hautatu zuten, hiru etapa ikusteko: "Birritan joan ginen bizikletarekin. Paun egindako erlojupekoan ere izan ginen".

"Oso giro ona"
Giroa nabarmentzen du Núñezek Tourretik. "14 pertsonako taldea batu ginen eta gure artean oso giro ona eta alaia izan genuen, gehienek txirrindularitza modu batean edo bestean gustuko dugu; eta horrek asko errazten du disfrutatzea". Lagunartetik harago, Tourreko giroaz mintzo da: "Ikaragarria da; data oso aproposak dira, eta horrek jendetza pilatzea eragiten du. Tourmaleteko etapa ikustera joan ginenean, igoera guztian kotxeak, furgonetak eta autokarabanak ikusi zitezkeen". Gidariak ere partaide bihurtzen direla dio, "berdin zaie euskalduna, kolonbiarra edo txinatarra izatea. Bizikleta dugu gustuko eta horrek lotzen gaitu".

Emozioz bizi du txirrindularitza amurrioarrak, eta Tourra zer esanik ez: "Txirrindulariak hain gertu ikusteak emozio handia sortzen du. Tourmaleteko etapan oso gertu izan genituen igotzen zuten bitartean eta Landa, Peio Bilbao, Gorka Izagirre edo Omar Fraile -beste batzuen artean- gertutik animatzen eta ikusten asko disfrutatu genuen".

Esperientziatik zer gustatu zaion gehien galdetuta, Tourmaleten kanpin-dendan igarotako gaua du gogoan: "Aukera hori Tourrak soilik eskaintzen du".

 Argazkiak: Ixone Núñez

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide