Aiara Dantza Taldeko kideei egokitu zaizue aurten Amurrioko San Roke jaietako pregoilariak izatea. Nola jaso duzue albistea? Espero zenuten?
Oso pozik hartu dugu albistea. Urteurrena ospatzeko modu paregabea da herriak bere hitza eta konfiantza eman izana. Oso eskertuta gaude, ohore bat da.
Baduzue pregoia prestatuta? Zer edo zer aurreratzerik?
Arina izango da aurtengo pregoia. Gure sorrera eta ibilbidea laburki kontatuko dugu eta jai parekide eta herrikoien alde egitearen deia helaraziko diogu herritar orori. Era berean, taldeko kide eta boluntario izan diren guztiei eskerrak emateko aprobetxatuko dugu.
Taldearen 35. urteurrena ospatzen ari zarete aurten. Nola baloratzen duzue taldeak izandako ibilbidea?
Oso positiboki baloratzen dugu unera arte egindako lana. Egun dugun dantzari kopurua inoiz izandako altuena da, eta gurasoen elkarlana eta inplikazioa ere handia dela uste dugu. Gainera, ume eta gazteez gain, heldutasunean ere jende asko batu da azken urteetan gurera, eta hori poztekoa da.
Beste 35 urte bizitzeko indarrekin aurkitzen zarete?
Gaur egun, jada zortzigarren urtez, neska gazte talde berdinak darama taldearen zuzendaritza eta antolaketa. Nolanahi ere, erreleboa pixkanaka hasi zaigu etortzen, gogoz eta indar handiz. Jakina taldeak beste 35 urte bizirauteko indarra duela, baita gehiago ere. Gogotsu hartuko ditugu datozen erronka eta berritasun guztiak.
Hainbat egitasmo prestatu dituzue urteurrena ospatzeko.
Bai, guk urtea lasai hasteko asmoa bagenuen ere, azkenean guk antolatutako jarduerez gain beste zenbait proposatu dizkigute eta ikasturte nahiko betea izan dugu: Otsailean Nahas-Jolas ikuskizuna aurkeztu genuen Amurrioko antzokian, bi pase beteta, ondoren Guk saria eta gala etorri ziren, apirilean Gasteizko erretretan dantzatzeko aukera izan genuen San Prudentzio bezperan eta, azkenik, maiatzean Euskal Jaia antolatzen dugula aprobetxatuz, 35. urteurreneko jaia ospatu genuen. Dantzari ohi bila ibili ginen horretarako eta, egia esan, jende nahiko hurbildu zitzaigun!Urtea amaitzeko -edo 2020 hasierarako- ere sopresatxoren bat prestatzeko asmoa dugu, ikusiko da!
Jaietan ere hainbat ekintza egingo dituzue...
Amurrioko jaietan urtero egiten ditugun ekintzak egiten jarraituko dugu, jaien hasieraz eta pregoiaren irakurketaz gain noski: Andra Mari egunean ohorezko aurreskua dantzatuko dugu eguerdiko mezan eta arratsaldean ordu beteko dantzaldia eskainiko dugu. Done Erroke egunean, berriz, 54. Aurresku eta Fandango eta Arin-arin Txapelketa antolatuko dugu San Roken.
Zer funtzio betetzen du dantzak, zuen ustez, Amurrioko jaietan?
Herriari bertako kultura hurbiltzen diogula sentitzen dugu. Abuztuaren 15eko dantzaldia Amurrioko jaietan dagoen ekintzarik jendetsuenetarikoa da. Pentsa pasa den urtean ateratako argazki batean 900 ikusle inguru ere zenbatu ditugula eta dantzan beste 150 edo ari ginela! Kultura ekintza gutxirekin gertatzen da. Herritik eta boluntarioki antolatzen den zerbait da gainera, ikaragarria da.