10:30ean izan da lehenbiziko ekitaldia, udaletxean. Udalbatza aretoa elkartasunez bete da, 30 bat lagun bertaratu baitira omenaldira. Batetik, uda Amurrion igaroko duten haurrak; eta, bestetik, bertako harrera familiak. Hala, Josune Irabien alkateak ongietorria eman die; eta kamiseta bana oparitu diete oroigarri gisa. Iguarrakoa ikustera balkoira atera ostean, edadetuen txanda iritsi da.
Juanita Zarraga eta Felipe Landaluzek jaso dute "agintearen makila" eta lore sorta, edadetuei eginiko omenaldian. Ondoren, trikitilariekin lagunduta mezara abiatu dira. Nola Zarragak hala Landaluzek pozez jaso dute ekitaldia. Zarragak azaldu duenez, oso garrantzitsua eta berezia da eurentzat gaurko eguna: "zazpietan altxatu naiz garbitu eta dotore-dotore jartzera. Edozein sari baino hobeak dira zuen musuak".
Orotariko ekitaldiak egongo dira festen bigarren egunean. Goizean zehar haurren jolas parkea egongo da, eta eguerdian bazkaria. Bestalde, "egun feminista" antolatu du lehenbiziko aldiz Otsemeak taldeak.