Kuskumendi bizikleta taldeak antolatuta, Andra Mari Txiki Saria jokatuko da datorren larunbatean Baranbion. “Garrastatxuko igoera” izango dute helburu. 16:00etan abiatuko dira txirrindulariak Baranbioko elizaren aldamenetik, eta Lezama inguruetan bost itzuli eman ostean Garrastatxuko ermitan bukatu beharko dute proba.
Iñaki Pinedo Marigorta Kuskumendi taldeko kideak Aiaraldea hedabideari adierazi dionez, aurrenekoz antolatu dute lasterketa: “Zuian egitekoa zen, baina aldaketak medio hemen antolatuko dugu. Arabako txapelketaren barruan kokatzen da norgehiagoka”. Hori dela eta, Arabako gazteen txirrindulari talde ugarik hartuko dute parte. Hala ere, kanpotik ere taldeak bertaratuko direla uste du Pinedo Marigortak, Aragoi eta Asturiasetik kasu: "junior kategoriakoak izango dira denak”.