Minbiziaren aurkako ibilaldia egingo dute irailaren 29an

Aitor Aspuru Saez 2019ko ira. 5a, 13:30

Gaurko aurkezpenaren irudia./ Aiaraldea.eus

Aurreraka emakume elkarteak antolatu du bigarren edizioa ere, Amurrioko Udalaren laguntzarekin. Eskuratuko den dirua Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteari emango diote. Helburua 1.000 pertsona batzea izango da, iaz 700ek parte hartu baitzuten.

Gaur goizean aurkeztu dute Amurrioko Udaletxean Minbiziaren Aurkako Ibilaldiaren II. edizioa eta Josune Irabien alkateak, Patxi Ormazabal Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen presidenteak eta Toñi Gonzalez eta Belen Elejalde Aurrerakako kideek parte hartu dute.

Egitaraua

Ibilaldia irailaren 29an gauzatuko dute. 10:30ean abiatuko da herriko plazatik eta antolatzaileek gogoratu dute ez dela lasterketa izango: "Aurreraka elkarteko talde bat egongo da buruan erritmoa neurtzeko. Izan ere, asmoa da denok batera egitea, ez korrika. Jende orok parte har dezan hautatu dugu bidea: umeek, aulki gurpildunean daudenek..."

Ibilbideak 7 kilometro izango ditu. Juan Urrutia plazatik atera ostean Olako, Abiaga eta Reforretik igaroko da, plazara berriro itzultzeko.

Aurten 182 merkatarik lagundu dute eta eurek emandako opariak zeharkaldia egin bitartean zozketatuko dituzte. Horrez gain, hasieran kamiseta eta poltsa banatuko dute, horniketa puntua eskainiko dute, Aiara Dantza Taldeko emanaldia egongo da eta Tabarra Fanfarreak alaituko du giroa.

Bukatzeko, elkartasun pintxo poteoa prestatuko dute. Lehenengo edaria eta pintxoa izen ematearen truke doakoak izango dira, eta gero euro bateko prezioa izango dute.

Inskripzioa

Izena emateak 10 euro balioko du. Amurrioko Kultura Etxean egin daiteke irailaren 19tik 27ra, astelehenetik ostiralera 11:00etatik 13:00ak arte. Hala ere, bihar, 13an eta 27an herriko azokan ere aukera emango du Aurrerakak, baita Artzain Egunean ere, hilaren 22an. Larunbat honetan, ordea, 13:00etan Artziniegako Arteko Santutegiaren ingurutan ibiliko dira.

Online bidezko inskripzioa irailaren 2tik 25era egongo da irekirik. Mezua bidali behar da horretarako amaurreraka@gmail.com helbidera eta izen, abizenak eta NAN zenbakia zehaztu beharra dago, asegurua egingo baitzaie parte-hartzaileei. Dirua ES60 3035 0089 18 0891100221 kontu korrontean sartu beharko da.

Ikerketa

Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteari bideratuko zaio irailaren 29an lortutako dirua eta elkarteak minbiziaren ikerketarako baliatuko du. Aurten entitateak 120.000 euro erabili nahi ditu gaixotasun horri buruzko ikerketak egiteko.

Hala ere, Patxi Ormazabalek nabarmendu du euren helburuak badirela ere gaixoak eta senideak babestea, gizartea informatzea eta trebatzea eta azaleratzea minbizia gaixotasun arrunta dela eta ez dela ezkutatu behar.

 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide