Virgen Niña ikastetxea “Amaurre” deituko da hemendik aurrera eta D ereduan murgilduko da

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ira. 20a, 15:42

Aldaketa ez da izenera mugatuko, prozesu sakona burutzen ari baitira ikastetxean, “baloreetan hazten” jarraitzeko.

Prentsaurrekoa egin zuten atzo Virgen Niñako arduradunek, Amurrioko ikastetxe horretan aldaketa esanguratsuak egingo dituztelako. Alde batetik, hezkuntza zentroaren izena aldatu dute. Gauzak hala, Virgen Niña deitzetik, Amaurre deitzera igaroko da eskola. Izenaren hautaketa ez da nolanahikoa izan. “Ez ditugu gure sustraiak ahaztu nahi izan, Virgen hitza Ama-gatik aldatu dugu eta Niña, aldiz, haurra-gatik”, azaldu du Amaia Aldama Orue zuzendariak, “horrez gain, Amaurre hitzak baditu beste esanahi batzuk: iturburua, erreka, urrea...”.

Prozesu baten emaitza
Aldamak azaldu duenez, prozesu sakon baten emaitza izan da izen aldaketa. “Duela 65 urte etorri ziren Amurriora Virgen Niña kongregazioko ahizpak. Duela urtebete lekukoa pasatu zioten Bidaide fundazioari”. Fundazioak ikastetxearen titulartasuna bere agin hartu zuenean, “hausnarketa prozesu batean” murgildu ziren zentroko kideak, ikastetxearen eredua “berritu” eta, modu horretan, XXI. mendeko erronkei” erantzuna eman ahal izateko, baina “sustraiak” ahaztu gabe.

Baloreen lanketa izan dute horretarako lanabes nagusia. “Munduan dagoen ziurgabetasuna kontuan hartuta, argi dugu gure hezkuntza proiektuak baloreak izan behar dituela oinarri, guztiei merezi digun mundu hobeago bat eraiki dezagun. Nor garen jakiteko eta guztiok lekua dugun gizarte bat sortzeko. Anitza, inklusiboa eta enpatikoa”, azaldu du Aldamak, “uste dugu hazten jarraitzeko eta gure ikasleak etorkizunerako prestatzeko eraldatzea beharrezkoa da. Garenetik mundua gelara ekarriz eta geletatik ikasleak mundura ateraz. Eta hori da Amaurre”.

D eredua
Izen aldaketaz gain, hizkuntz politika ere aldatu dute ikastetxean, D eredura igaro baitira ikasturte honetan. “Apustu handia egin dugu euskararen alde”. Horrez gain, hizkuntza gutxituei buruzko nazioarteko proiektu batean murgildu dira ikastetxeko kideak, Finlandia, Irlanda, Austria eta Malta hezkuntza zentro batzuekin elkarlanean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide