Jendetza batu du XXVI. Artzain egunak

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 22a, 17:22

Gaur izan da Amurrioko Artzain Eguna. Ardiei lotutako ekintzak izan dira nagusi goizean goizetik. 

Artzaintza landa eremutik herrigunera ekarri dute gaur, Amurrioko XXVI. Artzain Egunean. Egun osoko egitarauaren barruan, jarduera andana eskaini dituzte: ardien ile mozketa erakustaldia, azoka, Arabako artzainei omenaldia, ardiki eta gazta-zaharraren dastaketa, Araiako musika bandaren emanaldia, Burubioko kontzertua edo frontoiko pilota partidak kasu. 

Artzainei omenaldia
Arabako artzainak omendu dituzte, hiru bereziki: Jose Luis Menoyo, Paula Menoio Garcia de Cortazar eta Goyo Otxola de Zuazaola. Euren esanetan, oso berezia eta garrantzitsua izan da gaurko eguna. Arazoa, baina, argi dute: "Aitortzea ez da aski, laguntza edo onura gehiago egon behar dira, ekintza gehiago".

Bizitza osoa daramate hirurek artzaintza munduan jo ta su. Jose Luis Menoio Mendiak 74 urte ditu egun, Paula Menoio Garcia de Cortazarrek 72 eta Goyo Otxoa de Zuazaolak 81. Paula Menoioren esanetan, uneotan etorkizunari lotua dago eskaera edo aldarri garrantzitsuena: "Erreleboa da gaur egun dugun beharrik handiena. Triste gaude horregatik, ez dagoelako neska-mutil gazterik ardiak zaintzeko prest. Abereak, noizbait, jabe edo zaintzaile gabe geratuko dira". Hain zuzen, 45 urte daramatza lanbideari eusten, nahiz eta lehenagotik ardiekin harreman estua izan: "Aita artzaina zen. Lehen beste lan bat nuen, eta hura bukatzean zaintzen nituen ardiak, arkumeak ikusteak eta zaintzeak erlaxatzen ninduen". 200 ardiren buru da, gaur-gaurkoz. 

Orotariko ekitaldiak
Egitarau oparoa prestatu dute aurtengo ediziorako. Batetik, ardien ile mozketa erakustaldia egon da eta, bestetik, artzain txakur txapelketa. Ohi bezala, abereak hurbildu dituzte herrigunera, eta tokiko ekoizleek postuak jarri dituzte San Anton inguruan. Aztarna elkarteak, aldiz, erakusketa atondu du erdigunean.

Musikak ere izan du tarte berezia. Goizean zehar txistulariak aritu dira kaleak girotzen eta Araiako musika bandaren kontzertua entzuteko parada ere egon da. Arratsaldean, berriz, Burubio kultur elkarteak erromeria antolatu du Akerbeltz taldearekin.

Argazkiak: Izar Mendiguren Cosgaya eta Roberto Arribas

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide