“19 urterekin etorri nintzen eraikuntzan lan egitera eta hemen egin dut bizitza”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ira. 29a, 07:00

17 urte daramatza Américo Dias Coutinhok Amurrion. / Aiaraldea.eus

19 urterekin etorri zen AMERICO DIAS COUTINHO (Portugal, 1983) Aiaraldera lan egitera. Bere bizipenen inguruan mintzatu da.

Zenbat denbora daramazu Amurrion bizitzen?

17 urte. Nire lagun batzuk hona etorri ziren eraikuntzan lan egitera. Lan eskaintza handia zegoen eta  etortzera animatu ninduten.

Etorri eta eraikuntzan hasi nintzen lanean, eta tailer batera joan nintzen gero, soldatzaile gisa jardutera. Orain, aldiz, ostalaritzan nago.

Nik Portugalen banuen lana, baina hemen bikoitza kobratzen omen zen. Gero konturatu nintzen ez zela horrela: soldata bikoitza zen, bai, baina bizitza ere askoz garestiagoa zen. Diru gabe iristen nintzen hilabete amaierara. Fabrikara joan nintzenean, aldiz, gehiago kobratzen hasi nintzen.

19 urterekin etorri nintzen Amurriora. Lehen urtea apur bat gogorra izan zen. 12 pertsona etorri ginen. Nik bakarra ezagutzen nuen, nire herriko bizilaguna. Hamabiak batera joan ginen pisu batera bizitzera.. Elkarbizitza egin behar izan genuen elkar ezagutu gabe.  

Portugaldarren migrazioaren “booma” izan zen eta jende batek ez gintuen begi onez ikusten. Guri ere kostatzen zitzaigun jendearekin erlazionatzea, Portugalen beldurra sartu zigutelako apur bat, emigratzea arriskutsua zela esanez. Gero ikusi genuen ez zela horrela: ondo tratatu naute eta integratu egin naiz. Amurrion egin dut bizitza. Ezkondu naiz eta seme-alabak izan ditut.

Hizkuntzara moldatzea ere zaila suertatu zitzaizun?

Bai. Egunkari bat gazteleraz irakurtzean ulertzen nuen zer jartzen zuen, baina hitz egiten zidatenean ez. Sei hilabete behar izan nituen dena ulertu eta modu egokian hitz egiteko.  

Seme-alabei portugesa irakatsi diezu?

Ez dut eurekin portugesez hitz egiteko ohiturarik. Eurekin bakarrik banago bai, baina normalean emaztearekin ere egoten gara. Nire alabak nirekin eta amonarekin hitz egiten du portugesez. Amarekin, aldiz, euskaraz hitz egiten du. Ni ez naiz euskaraz hitz egiteko gai, baina oinarrizko gauzak ulertzen ditut.

Harremanik mantentzen duzu zurekin batera etorri ziren beste portugaldarrekin?

Ez, gehienak beste toki batzuetara joan direlako lanera, Alemaniara, Belgikara  edota Suitzara. Immigrante herri bat da gurea, betidanik. Baditut hemen lagun batzuk nik bezainbeste denbora daramatenak, baina gainontzekoekin ez.

Eta Portugaleko senideekin, baduzu harremanik?

Bai. Nire anaiak eta nire ama bertan bizi dira eta noizbehinka bisitatu egiten ditugu. Hemengo eta Portugaleko kultura eta bizimoduak nahiko antzekoak dira. Portugal iparraldeko herri txiki batekoa naiz ni. Gauzak hala, antzekotasun ugari daude bertako eta Amurrioko bizimoduaren artean: abeltzainak daude, janaria ere nahiko antzekoa da... ondo jaten da bi tokietan. Portugaleko jendea oso abegikorra da, duten onena emango dizute.

Gustuko dut Amurrion bizitzea, baina beti dut Portugalera itzultzea buruan, itzuliko ez naizela dakidan arren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide