Iragan ostegunean egin zen Amurrioko iraileko Udal Osoko Bilkura. Hainbat gai landu zituzten plenoan, baina OHZrena izan zen afera garrantzitsuena, zerga hori “eguneratzea” onartu baitzuten, %3ko igoera ezarrita.
“2012. urtetik ez da zerga hau ukitu, zazpi urte daramatza izoztuta”, azaldu zuen Josune Irabienek, “horrez gain, hobariak jasotzen dituzten errenta-tarteak handitu dira eta zatikako ordainketa ere ezarri da”. Alkateak nabarmendu zuenez, ez da atsegina zergaren igoera egitea, “baina egin beharra zegoen, ez da apeta hutsa. Udalaren gastu-sabaia handitu denez plan ekonomiko bat egin behar izan dugu”.
Orain Amurrio eta EH Bilduk, abstentzioa
PSE-EE eta EAJren aldeko botoekin onartu zen igoera. Opozisioko bi taldeak, aldiz, abstenitu egin ziren. “Ados gaude ordenantzaren eguneraketarekin”, azaldu zuen Orain Amurrioko Kepa Gonzalezek, “baina ez gaude ordenantzaren hainbat punturekin ados”. Eliza katolikoa eta itunpeko ikastetxeak zerga hori ordaintzetik salbuetsita egotea kritikatu zuen zinegotziak. Etxebizitza hutsei zerga handiagoa ezarri beharko litzaiekeela ere argudiatu zuen Gonzalezek, zeuden hobariak nahikoak ez direla gaineratuta.
Antzeko argudioak plazaratu zituen EH Bilduk bere botoa aditzera emateko. “Ados gaude planteatzen den egoerarekin: udalak zerbitzuak eskaini behar ditu eta diru-sarrerak izan behar ditu horretarako”, adierazi zuen Iñaki Ibarluzeak, baina “gabeziak” ikusten direla gehitu zuen, Kepa Gonzalezek aipatutako ildo beretik.
PSE-EEk, aldiz, aldeko botoaren aldeko aldarria zabaldu zuen: “Talde guztiak izan behar gara hemen hartzen diren erabakien erantzule. Udal honek zerbitzu batzuk eskaintzen ditu baina diru-sarrerak izan behar ditu horretarako”.
Jabetza erregistroa ere izan zuten hizpide iraileko bilkuran, erregistro horri esleitu nahi baitiote zerga biltzeko egin beharreko lana, 24.200 euro ingururen truke. Ia talde guztiek bozkatu zuten alde. Orain Amurrioko zinegotzia abstenitu egin zen, erabakia ulertu arren, “udalak lan hori bere kabuz egiteko baliabide nahikoa izatea” gustatuko litzaiokeelako. “Denborak aurrera egin ahala egingo dugu balorazioa”.
Bi mozio, eztabaidatik kanpo
EH Bilduk bi mozio plazaratu zituen gai ordenatik kanpo: Tafallako uholdeek kaltetutako pertsonei elkartasuna helarazteari buruzkoa bata, eta aldaketa klimatikoari buruzkoa bestea. Biak hala biak eztabaidatik kanpo geratu ziren, PSE-EE eta EAJk gai-ordenan sartzearen aurka bozkatu zutelako. Eztabaida egon zen horren harira oposizioko taldeen eta udal gobernuaren artean, baina bertan behera geratu ziren bi testuak.
Irune Iturbe izango da oposizioko liberatua
Erregu eta galderen txandan hainbat gai plazaratu zituen Orain Amurriok. Mugikortasun Astea, ibaia garbitzeko antolatutako jardunaldiak, eraikin publikoen azterketa eta beste hainbat afera izan zituen hizpide Kepa Gonzalezek. Tartean, oposizioko liberatua nor izango den galdetu zuen zinegotziak. Iñaki Ibarluzeak erantzun zion galdera horri, eginkizuna Irune Iturbena izango dela jakinaraziz.