“Premiazko bi mozio eztabaidatzea” eragoztea leporatu die EH Bilduk EAJ eta PSE-EEri

Erredakzioa 2019ko urr. 3a, 20:00

Iñaki Ibarluzea, EH Bilduko bozeramailea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Tafallako uholdeei buruzkoa zen testuetako bat, aldaketa klimatikoari buruzkoa bestea. Iragan osteguneko Udal Osoko Bilkuran aurkeztu nahi izan zituzten biak.

Amurrioko EH Bilduk prentsa-oharra plazaratu du iragan osteguneko Udal Osoko Bilkuran egondako eztabaida baten harira. Koalizioak bi mozio aurkeztu zituen gai ordenatik kanpo, Tafallako uholdeei buruzkoa bata eta aldaketa klimatikoari buruzkoa bestea. Baina ezin zain zuten ez bata ez bestea eztabaidatu, testuak gai ordenan sartu edo ez bozkatzerako orduan EAJ eta PSE-EEk aurkako botoa eman zutelako.

Eztabaida piztu zen orduan EH Bilduko kideen eta Josune Irabien alkatearen artean, bideo honetan 50. minututik aurrera ikusi daitekeenez:

Orain plazaratu duen prentsa-oharrean, bi mozio horiek premia eta garrantzia nabarmendu du EH Bilduk, “gehiengo zabala eta argia” merezi zutela nabarmenduta. “Irailaren 16an gai hauek eztabaidatu zitezkeen udaletxean egin ziren batzorde informatiboetan, baina, ez zen hala izan. Egoera hori ikusita, EH Bildu Amurriok biak urgentziaz aurkeztea erabaki zuen irailaren 26ko osoko bilkuran”.

Horrez gain, koalizioak azaldu du udal gobernuak mozioak bidaltzeko epeak eraman zituela ezeko botoa justifikatzeko argudio gisa. “Puntu honetan argitu behar dago argumentu gisa erabili diren bidalketa epe horiek a posteriori ezarri zirela, mozio horiek aurkeztu ondoren. Beraz, gai hauek mahai gainean jarriko ditugu Amurrioko Udalak bere burua kokatu dezan eta bi gai horiei dagozkien akordioak har ditzan”.

Josune Irabien alkateak, bere aldetik, plenoan adierazi zuen lasaiago eztabaidatzea pena merezi zuela, adostasun handiagoa lortzeari begira (goiko bideoan ikusi daiteke bere interbentzio osoa).

Elkartasuna Tafallarekin
Mozioak plenoan lantzerik izan ez duten arren, EH Bilduko kideek elkartasuna helerazi nahi izan diete Tafallaldeko herritarrei, eta udalek martxan jarri dituzten "auzolan ekonomikoetan” parte hartzeko deia luzatu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide