Amurriok Mikoturismo Egunen XVI. edizioa ospatuko du urrian eta azaroan

Erabiltzailearen aurpegia
Ziza eta onddoak izango dira protagonista nagusiak.

Larunbatean, urriaren 26an, perretxikoak sailkatzeko jardunaldi tradizionala egingo da Arriola Elkarte Mikologikoaren eskutik. Hurrengo egunean erakusketa bisitatu ahal izango da udal pilotalekuan. Ostalaritzako 11 establezimenduk hartuko dute parte perretxikoekin egindako pintxoen XIV. Lehiaketan, eta Abiaga eta Bideko jatetxeek, denboraldiko perretxikoetan oinarritutako menu gastronomikoak eskainiko dituzte.

Perretxikoak biltzeko garai egokiena heldu den honetan, Amurrioko udalak, Toki Garapenerako Amurrio Bidean Elkartearen bitartez, Mikoturismo Egunak jarduera antolatu du beste urte batez. Urriaren 26an hasiko diren hiru asteburu. Perretxikoak izango dira protagonistak XIV. Pintxo Lehiaketan parte hartuko duten ostalaritzako 11 establezimenduetan. Horrez gain, perretxikoen sailkapenerako eta erakusketarako jardunaldiak egingo dira udal pilotalekuan.

Perretxikoen sailkapena eta erakusketa
XVI. Mikoturismo Egunak larunbatean, urriaren 26an, hasiko dira, perretxikoak sailkatzeko ohiko jardunaldiarekin, udal pilotalekuan, 18:00etatik aurrera. Alberto Villanueva mikologoa, Arriola Elkarte Mikologikoaren kolaboratzailea, perretxikoen sailkapena egiten arituko da bi orduz. Jarduera horretan edozein pertsonak hartu ahal izango du parte, ikusle gisa, zalantzak kontsultatuz, edo bildutako espezieak sailkatzeko eramanez. Horrez gain, perretxiko denboraldia heldu den honetan, Arriola Elkarte Mikologikoak arreta ematen die herritarrei astearte guztietan, abendura arte, Kultur Etxean, 18:30etik 19:30era.

Perretxiko erakusketa igandean, urriaren 27an, izango da, udal pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara.

Pintxo lehiaketa
XVI. Mikoturismo Egunak ekimenaren barruan, perretxikoekin egindako pintxoen XIV. Lehiaketa egingo da. Bertan ostalaritzako 11 establezimendu izango dira partaide: Alanbike, Atxubi, Batzokia, El Crucero, Kili Berria, Kuskumendi, El Rinconcito, Guk, Frontón taberna, Txibirita eta Txoko Gorri. Lehiaketak bi sari banatuko ditu, epaimahaiak aukeratutako pintxorik onena, 200 euro eta plaka bat jasoko dituena eta, herritarren bozketaren bitartez aukeratutako pintxorik onena, 150 euro eta plaka bat jasoko dituena.

Herritarren aukeraketan parte hartu ahal izateko 8 pintxo dastatu beharko dira gutxienez. Boto-paperak azaroaren 4ra, astelehenera, arte sartu ahal izango dira Kultur Etxean eta Udaletxean egongo diren hautestontzietan. Horrez gain, bozketan parte hartzen dutenen artean 275 euroko bi sari zozketatuko dira.

Gastronomia esparruan, pintxo dastaketez gain, Abiaga eta Bideko jatetxeek denboraldiko perretxikoekin egindako bi menu eskainiko dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide