Berri Txarrak taldearen kontzertua egon zen atzo Amurrioko Burubio elkartean. Adreiluzko pareten artean giro paregabea eraiki zuten nola musikariek hala zaleek. Ordu eta erdi inguru iraun zuen emanaldiak, eta etengabekoak izan ziren jarraitzaileen oihu eta txaloak. Izarrak bailiran dekoratu zuten artisten atzeko teloi beltza, eta rock izar moduan aritu ziren Gorka Urbizu, Lander Izagirre eta David Gonzalez.
Gorka Urbizu abeslariak Burubio eta Amurrio inguruko musikariei eskaini zien kontzertua, besteak beste. Izan ere, bost urte daramatza elkarteak musikari eta musikariei aukerak ematen. Horren adibide dira urtean zehar antolatzen dituzten jaialdi andana, grabaketa estudioa edota entsegu lokalak.
Igandean jarri ziren salgai sarrerak, eta ordu erdian agortu ziren txartel guztiak. Azaroan izango da talde nafarraren azken kontzertua, Iruñean. Lehenago, baina, kontzertu "txikiak" emango dituzte sei tokitan: Amurrion (atzokoa), Baionako eta Elorrioko gaztetxeetan, Muxikebarrin, Bermeoko Kafe Antzokian, Oialume biltokian eta Larragan.