“Elektronika egiten dugu, baina punk-rock pultsua mantenduaz”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 13a, 20:33
Lau kideak osatzen dute taldea. / Sega Sound Killers

Kontzertua eskainiko du Sega Sound Killers taldeak ostiralean Burubio kultur elkartean, Emply Files-ekin batera. IÑAKI ALTOLAGIRRE “MATXET” taldekideak proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Ibilbide laburreko taldea da zuena. Martxoan eskaini zenuten lehen kontzertua, baina diskoa plazaratu duzue dagoeneko. Aurretik planeatua zenuten?

Duela bi urte eta erdi hasi ginen abestiak egiten. Pixkana-pixkana joan gara kantak eta taldea osatzen. EKTZ DJ eta ni hasi ginen. Elektronika eta rocka nahastu nahi genituen. 2018ko abenduan egin genuen lehen agerraldia, Donostiako San Martineko merkatuan. Musika jarri genion “We are alive” performanceari. Hor hasi ginen zuzenean jotzen. Martxoan, aldiz, pare bat aurkezpen egin genituen talde moduan, eta irailean pare bat kontzertu eskaini genuen. Ordurako bagenuen prestatua orain kaleratu dugu EPa.

Elektronika eta rocka uztartzen dituzuela diozu.

Lau taldekideak gatoz rocka, metala edota hardkorea jorratzetik, eta gure musikak badu kutsu hori. Talde elektronikoa gara, baina oso argi genuen zuzenean bateria akustikoa sartu nahi genuela. Badaude hori egiten duten talde asko, eta guk nahiko argi genuen hori egin nahi genuela, bestela nahiko hotz geratzen zelako. Punk-rock pultsua mantendu nahi dugu.

Ezberdintasun asko dago zuen diskoaren eta zuzenekoen artean?

“Diskoak zuzenekoan gainditzen ez badituzu etxean geratu zaitez”. Esaldi horrek laburbiltzen du gure filosofia. Diskoak balio du gure taldea nolakoa den ikusteko, baina gure esentzia zuzenekoan dago. Diskoa baino basatiagoa da, hori ziur. Rockaren arima hor dago. Eszenatoki gaineko animaliak gara, eta hori nabaritzen da kontzertuetan. Gitarrak ere sartzen ditugu, bateria dago... baina elektronika eta rockaren arteko oreka mantentzen dugu. Ikusi behar da.

Eszenaratzea ere lantzen duzue, beraz.

Bai, irudiari garrantzia ematen diogu. Estruktura moduko batekin joaten gara. Burubiora beste argi mota batzuk eramango ditugu, ez dira aurkezpenetakoak bezalakoak izango, baina taularatze berezia izango da baita.

Musika elektronikoaren loraldi bat ematen ari dela esango zenuke?

Gu bere bagenuen horrelako zerbait egiteko ideia. Baina elektroniko oso esparru zabala da, mota askotako taldeak daude. Ez nuke jakingo esaten guk zehazki egiten dugun musika mota bogan dagoen edo ez. Baina aurreko egunean entsegu lokalean taldekideen artean komentatzen genuen egia dela elektronikako taldeak ateratzen hasi direla, nahiz eta gure estilo berdinekoak ez izan. Ostiralean Emply Files talde bilbotarrarekin jotzen dugu. Pello Reparaz Vendettako kide ohiak ere talde elektroniko bat sortu du... uste dut guretzako aberasgarria dela elektronikan jendea mugitzen hastea, nahiz eta beste parametro batzuetan izan.

Burubiokoaz gain, baduzue beste zitarik esku artean?

Larunbatean Bonberean egongo gara. Azaroaren 21ean Arrasateko Gaztetxean egongo gara, Kuktur Ekintzak programazioaren barruan. 30ean Donostiako Larratxo Kultur Elkartean joko dugu, Izaki Gardenak, Onki Xin eta Sergekin (Eraso! Taldeko abeslariarekin). Abenduaren 14an Gernikako Iparragirre aretora joango gara; 28an, aldiz, Elorrion arituko gara.

Zuzeneko talde bat gara. Horregatik animatu nahi dugu jendea Burubioko kontzertura gerturatzera. Abesti oso basatiak ditugu, baina baita anbientalagoak direnak ere. Ikusi behar da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide