Amurrio Trail Taldeak laugarren urtez antolatuko du Babio mendirako igoera abenduaren 24an, aniztasun funtzionala duten umeekin eta Montes Solidarios erakundearekin batera. Ekintza horrek, “Ametsak betetzen” deitua, iazko 600 partaideak gainditzea espero du. Helburu hori zehaztu du antolakuntzak ohar batean.
Gainera, iaz bezala, aurten ere abenduaren 23ko 18:00etatik 24ko 10:00etara arte (igoera egingo den momentua) irauten duen erronka solidarioa antolatu egingo da: Orduro norbaitek Babio mendia igotzea izango da helburua. Erronkan edo igoeran bertan parte hartu ahal izateko hamar euro ordaindu beharko dira, eta diru-irabazi guztiak Bihotzez elkartera (jaiotzatiko kardiopatien kontra borroka egiten duen erakundea) bidaliko dira. Behin Babiotik jaitsita, 14:00etan, txokolatada eta txistorra dastaketa antolatuko dira plazan.
Babioko igoera trail taldeko kideen arteko ekimen pribatu bezala planteatu zen hasieran, baina arantza bifidoa duen ume batekin eta beste “250 pertsona ingururekin” igo ziren azkenean. Hurrengo urtean, aniztasun funtzionala duten hiru umek lortu zuten gailurra egitea: aurreko urteko umeak, neska itsu batek eta ibiltzea ezinezkoa duen beste mutil batek.
Iaz, aipatu bezala, 600 pertsona baino gehiago animatu ziren parte hartzera, Olentzerorekin batera: