Abenduko zubian Amurrioko Elur Taldeak aurtengo eski denboraldiko lehenengo irteera egingo du Cauteretsera (Frantzia). Horrez gain, Errege egunaren ostean, taldeak badu bi asterik behin eskiatzeko irteeraren bat antolatzeko asmoa. Hala ere, oraindik ez dute nora joango diren erabaki, Jon Aspuru taldekideak azaldutakoaren arabera: “Prezioaren eta eguraldiaren arabera erabakiko dugu”.
Cauteretserako bidaiak 185 euroko prezioa izango du taldeko bazkide bakoitzarentzat, honakoa barnebilduz: hiru gau, autobusa (Amurrion edo Bilbon hartu ahalko da) eta hiru egunerako forfaita. Izena eman ahal izateko sei kidetako taldeak osatu beharko dira gutxienez. Nahiz eta irteera hau Cauteretsera izan, Frantziako beste eski pista batzuk edota Bakeirakoa ere bisitatu ohi ditu urtero Elur Taldeak.