“Futbolarekin euskara lantzea da helburua, hizkuntza eskoletatik ateratzea”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko aza. 28a, 07:00
Euskarazko futbol saioak eskaintzen ditu Iñigo Frailek. / Aiaraldea.eus

IÑIGO FRAILE (Amurrio, 1980) Etorkizuna taldearekin euskarazko futbol saioak eskaintzen aritzen da, besteak beste. 6-7 urteko 80 lagun biltzen dituzte igandero.

Zergatik da garrantzitsua euskara kirol alorrean zabaltzea?

Proiektuaren helburuetako bat euskara eskoletatik ateratzea da, lau paretetatik kanpo egotea. Horretarako kirola proposatu genuen esparru gisa, kirola euskararen erabilera sustatzeko oinarri eta modu bat izan daitekeelako.

Amurrioko kirol taldeekin dinamika abiatu duzue. Zertan datza?

Hirugarren urtea da aurtengoa. Umeekin hasi ginen, 6 urtekoekin. Eurekin batera jolas giroan euskararen praktika luzatzen saiatzen gara. Etorkizuna futbol taldearen barruko eskaintza da, 6-7 urtekoentzat. Bi talde ditugu: 6 urtekoan 30 bat daude, eta 7 urtekoen artean 55-60 lagun. Igandeetan izaten dira gure ekintzak.

Futbol entrenamenduak erabiltzen dituzue amu gisa.

Bai. Etorkizuna klubak prestatzen ditu saioak, eta guk horiek euskaratzen ditugu, udalaren bidez. Igandeetan partekatzen da entrenatzaileekin, baina fitxak ere euskaraz doaz.

Nondik atera zen egitasmoa? Nolatan hasi zinen zu parte hartzen?

Proiektuaren lehenbiziko urtean proposatu zidan udalak, euskara sustatzaile gisa aritzeko. Egitasmoaren nondik norakoak azaldu eta baiezkoa eman nuen.

 

“Etorkizuna klubak prestatzen ditu saioak, eta guk horiek euskaratzen ditugu, udalaren bidez”



Adinaren arabera, euskararekiko jarrera aldaketa antzematen al da?

Lehenbiziko urtean 6 urtekoekin abiatu genuen dinamika. Alabaina, 7 urte betetzean jarraitzeko modurik ez zutela ohartu ginen, horregatik erabaki genuen jarraipena bermatzea. Erreferenteak behar dituzte.

Zenbat entrenatzaile murgildu dira euskarazko trebakuntzan?

Guztira 6 entrenatzaile ditugu guk proiektu honetan. Nik koordinazio lanak egiten ditut klubaren eta hezitzaileen artean.

Kirolak hiztegi teknikoaren ezagutza eskatzen du. Euskarak zer nolako presentzia du, zure ustez?

Prestakuntza jaso behar da. Guk lau bat saio egiten ditugu horretarako. Futboleko hiztegi teknikoa ikasten dugu horrela, besteak beste, eta partaideen motibazioa baliabideak areagotzeko.

Eskualdean ba al da modu honetako bestelako proiekturik?

Uste dut bakarra dela. Asmoa, ondo ateratzen bada, beste kiroletara zabaltzea da.

Araban, baina, euskarazko futbol topaketak egin zenituzten.

Bai, iaz izan zen lehenbiziko aldia. Lautadan elkartu ginen, eta aurten errepikatzea da asmoa. Guztira 25 talde elkartu ginen. Futbolarekin batera euskara eta gauza gehiago lantzea da helburua, jolasa. Futbolak gazteen artean arrakasta handia duenez, euskararen alde erabiltzea da gakoa.

Etorkizunari begira, zeintzuk izan behar dira erronkak?

Beste kiroletara zabaltzea. Aurten zabaldu dugu adin tartea, 7 urtekoen artera. Ondo ateratzen bada, 8 urtekoek ere jarraipena izatea litzateke egokiena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide