Laburra izan zen atzo ospatutako Amurrioko azaroko Udal Osoko Bilkura. Hiru ordu laurden eskas iraun zuen plenoak, eta adostasuna izan zen nagusi, puntu guztiak onartu baitziren aho batez.
Uskategi kaleko bide publikoan mugaketa bat egitea izan zen hartutako erabakietako bat. “Bideao 370 metrokoa da”, azaldu zuen Josune Irabien alkateak, prozesua “nahiko luzea” izango zela gaineratuta: “Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da erabakia. Helegiteak egiteko epea irekiko da orduan. Helegiterik ez badago automatikoki egingo da mugaketa”.
Adinekoen Kontseilu Sektoriala sortzea ere onartu zen bilkuran, organo horren funtzionamendua zehazten duen araudiarekin batera. Abenduaren 17an egingo dute lehenengo batzar nagusia, 18:00etan Nagusi Etxean, 18:00etan.
Euskara plana
2019-2022 aldirako Euskara plan estrategikoa ere onartu zen bilkuran. Irabienek jakinarazi duenez, “parte hartze prozesu txiki bat” abiatu zuten aurreko plana baloratu eta berriaren ildoak zehazteko. “Euskarak etengabeko bultzada behar du, “ezagutza eta erabileraren arteko tartea oso zabala delako oraindik. Apurka apurka euskaldunen kopurua gora doan arren, badaude hainbat hutsune estrategikoak izan behar direla: kirola, lan mundua, ostalaritza eta gizarte mailan sortzen diren Euskaraldia bezalako fenomenoak”, azaldu zuen alkateak.
Orain Amurrio taldeak hitza hartu zuen euskararekiko konpromisoan berresteko. Era berean, euskararen normalizazio prozesua diru publikoa jasotzen duten beste erakunde batzuetara zabaldu ahalko litzatekeela iradoki zuen.
Horrez gain, Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala onartu eta irekurri zuten bilkuran. Hemen irakurri daiteke osorik.
Erregu eta galderak
Arestian aipatutako gaiak bozkatu ostean, erregu eta txanden tarteari eman zioten paso. EH Bilduko Irune Iturbe zinegotziak jakinarazi zuen pentsionistei buruzko mozioa eztabaidatuko dela abenduaren 12ko bilkuran: “Nabarmendu nahi dugu ez dela EH bilduren mozio bat izango, pentsionistek eurek plazaratutakoa baizik”.
Bestetik, talde politiko bereko kidea den Iñaki Ibarluzeak datorren urteko udal aurrekontuen inguruan galdetu zuen, horiek “ahalik eta lasterren” onartzearen garrantzia nabarmenduta. Irabienek erantzun zion “ahalik eta gehien” azkartu nahi dutela aurrekontuen tramitazioa, baina ez zuen data zehatzik eman. “Arloei irailerako eskatzen zaie aurreikuspena prestatzea, baina egia da batzuk berandutu egin direla”. Gauzak hala, alkateak aurreratu zuen ez dituztela urtea amaitu baino lehen aurkeztuko.