Mikel Landa: "Bahrain McLaren taldearekin Tour-a da helburua, ondorioz ez dut Giroan parte hartuko"

Aitor Aspuru Saez 2019ko abe. 7a, 12:16

Mikel Landa txirrindulari profesionalak solasaldia eskaini zuen ostegunean, Amurrio Txirrindulari Elkarteak gonbidatuta. Katekesi aretoa bete zuten adin guztiko zaleek, eta bi orduz entzun zuten kirolaria. Landa iraganaz eta etorkizunaz luze mintzatu zen.

Amurrio Txirrindulari Elkarteak 50 urte beteko ditu 2020an; eta hori dela medio, zenbait ekintza prestatzen ari da. Esaterako, ostegunean aukera izan zuten, ia egun batetik bestera, Mikel Landa herrira ekartzeko. Sare sozialen bitartez soilik zabaldu zuten deialdia.

Kartelak ez egin arren, Katekesi aretoa bete zuten eskualdeko bizikleta zaleek, eta Mikel Landa patxadaz mintzatu zen eurekin. Bi orduko elkarrizketan bere iragana eta etorkizuna landu zituen. Txemi Kintanak egin eta bideratu zituen publikoaren galderak. Berak azaldu dizkio Aiaraldea hedabideari saioaren nondik norakoak.

Tour berezia Barhein McLaren taldearekin
Mikel Landa arabarrak azaldu zuen hurrengo urtean Barhain McLaren taldeko liderra izango dela, eta jadanik helburuak finkatu dituela. Berez, 2020an Landak uko egingo dio Giroari, Tourrean zentratzeko. Gauzak horrela, txirrindulariak Italiako proba oso gogoko izan arren, Tourraren aurtengo ibilbidea oso egokia izango da berarentzat.

Antza, erlojupeko lasterketa bakarra izango du 2020ko Tourrak eta kilometro gehienak mendiko errepide aldapatsuetan lehiatuko dira. Ez ohiko ibilbidea izango da, hortaz, ia aukera historikoa. Antolatzaileek txirrindulari frantziarretan pentsatuta prestatu dute -Alaphilippen, adibidez-, baina hori ere egokia da Landarentzat.

Badirudi Barhain McLaren taldearen helburua dela Frantziako lasterketa nagusi hori irabaztea eta bere arduraduna Rod Elingwoth-ek Landaren aldeko apustua egin duela. Sky taldeko sortzaileak bertan ezagutu zuen Landa eta berak iradoki zuen fitxaketa. Murgiako kirolariak aurreratu zuen Pello Bilbao izango duela berarekin, eta Andrey Amador ere fitxatzen saiatu zela, arrakastarik gabe.

Bestelako kideei buruz ere mintzatu zen Mikel Landa. Adibidez, nabarmendu zuen Peter Sagan oso berezia eta dibertigarria dela bizikleta gainean zein egunerokotasunean. Arabarrak aipatu zuen Saganek oso gogoko duela etengabe hitz egitea lasterketetan, baita txantxak egitea ere.

Euskadi Fundazioa
Mikel Landa Euskadi Fundazioa taldearen presidentea ere bada. Bere hitzetan, taldearen ardura ez da zama, baizik eta bere eguneroko buruhausteetatik ihes egiteko modua.

Txirrindulariak uste du Espainiako Itzulian aritzeko zailtasunak izango dituztela aurten Euskadi Fundazioak UCIn egondako aldaketen ondorioz, baina etorkizunera begira, ez du baztertzen berak taldearen kamiseta janztea. Hori bai, Landak jakinarazi zuen aurten Euskal Itzulian lehiatzeko asmoa duela, eta Amurriotik igaroko dela, dena ondo bidean.

Jarraitzaileekin eskuzabal
Publikoaren galderak erantzun ez ezik, Mikel Landak Movistarreko -egungo taldea- uniformeak zozketatu zituen ere, eta zaleekin argazkiak egin zituen.

Horrez gain, iragarri zuen Babioko elkartasun igoeran parte hartuko duela, eta gustura aritzen dela horrelako ekimenetan. Amurrioko Txirrindula Elkarteak, bere aldetik, eskertu nahi izan zion ahalegina eta makila berezia oparitu zion, Javi Irabienek egina.

Gainera, Agiñigako bi gazta eman zizkioten eta txantxak egin zituzten horrekin. Izan ere, gaztandegi aiararrak aurten berriz irabazi du Gernikako Azokan eta dirutza ordaindu zuten gazta erdi baten truke. Hori eta Alberto Contadorrek hitzaldiak emateko diru asko eskatzen duela aintzat harturik, amurrioarrek esan zioten Mikel Landari berari beste ordaindu ziotela opariarekin.

Antolatzaileen ustez, ekitaldi bikaina izan zen eta oso eskertuak daude Mikel Landaren prestutasunagatik.

Argazkiak: Amurrio Txirrindulari Elkartea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide