EH Bilduk Amurrioko Herritarrentzako Arreta Zerbitzua astean behin arratsaldez ere irekitzea eskatu du “familia, lana eta bizitza pertsonala uztartzea” errazteko, ohar batean adierazi duenez. Era berean, erabiltzaileek eginiko kritikak aipatuta, pribatutasuna hobetzea ere eskatu dute, "ez delako modu eraginkorrean erabiltzea lortzen".
Oposizioko taldearen ustez, pribatutasun falta “langileen gainkargaren ondorioa" da. "Nahiz eta gelaz aldatu, edonork inolako arazorik entzun ditzake pribatutzat hartu beharko liratekeen elkarrizketak eta informazioak”.
Ikasteko gela
Bestalde, ikasketa gela baten beharra dagoela nabarmendu du talde politikoak, Amurrio Bideaneko ikasteko gela eta liburutegia tokirik aproposenak ez direla argudiatuta. Eskakizunaren arabera, neguko oporrei begira, “ikasteko jarduera bermatu ahal izateko leku bat” gaitu beharko luke udalak.
Epe luzeago batera begira, EH Bilduk eskatu du segurtasun eta azpiegitura konkretu batzuk (entxufeak eta wifia, gutxienez ekipo informatiko bat izatea, kokapen aproposa izatea...) betetzen dituen ikasketa gela irekitzea.
Gainera, kiroldegian beste gela edo bulego bat eskatu dute, “familia askok” han egiten baitituzte ikasketak, “eta horregatik ikusten dira askotan haurrak kiroldegiko bankuetan eta izkinetan etxerako lanak egiten".