EH Bilduk Amurrioko ikasketa gelen inguruko eztabaida atzeratu izana kritikatu du

Julen Solaun Martinez 2019ko abe. 19a, 06:53

EH Bilduk hainbat gauza leporatu dizkio Amurrioko Udal Gobernuari. / Aiaraldea.eus

Talde politikoak ikasketa gelen inguruko eztabaida hilabete bat atzeratu izana salatu du, baita Olentzero bisitatzeko sarrerak saltzeko metodoa ere. Bestalde, Amurrio Antzokiaren egoera erregulatzeko arauak eskatu ditu.

Amurrioko ikasketa gelen inguruko eztabaida urtarrilera atzeratu izana aurpegiratu dio EH Bilduk udalari. Oposizioko taldeak ezinbestekotzat hartu du ikasketa gelen egoeraren hobekuntza, eta “azterketa garaia” dela gaineratu du ohar baten bidez. Halaber, udal gobernuari “bereak ez diren proposamenak” oztopatzeko ahaleginak egitea leporatu dio.

Gainera, udalak bere “gabeziak estali” nahi dituela uste du oposizioko taldeak, ikasketa gelei dagokien proposamena hedabideetara bidali zuten egun berean, abenduaren 9an, udalak liburutegiko eta Reforreko Gabonetako ordutegiak argitaratu zituela argudiatuta. Hortaz, “gardentasuna” exijitu eta talde guztien proposamenen aldeko apustua egitea eskatu diote udal gobernuari.

Antzokirako arauak
Antzokiaren erabilera arautzea ere eskatu du EH Bilduk, “arau zehatzen faltak kontraesan eta desorekak sortzea ahalbidetzen duelako”. Datorren urtean arautegi proposamena aurkeztuko dutela aurreratu dute talde politikoko kideek, betiere “espazio kulturalen garrantzia kontuan hartuta eta herritarren eskubideen bermea lortze aldera”.

Kuxkumendiko sarrerak
Era berean, Amurrioko Kuxkumendi mendira Olentzero bisitatzera joateko sarrerak saltzeko sistema kritikatu du EH Bilduk. Oposizioko taldearen arabera, pertsonako gehienez "bost edo sei sarrera” saltzeko irizpidea hartu beharko luke udalak, eta erabilitako metodoa “bidegabea” dela esan du, tiketak “mugarik gabe” saldu direla argudiatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide