[IRITZIA] Amurrio erdian opari berezia egongo da

Angel Toquero 2019ko abe. 20a, 07:00

Amurrion egin nahi duten errotondaren planoa. / Angel Toquero

Aurten, Amurrioko hiri erdian opari bereziak ditugu, eta ez Olentzerok edo Errege Magoek ekarrita, udalak berak ekarriko dizkigu.

Orain dela gutxi, neuk eskatu nion auzo begirale bati Udaltzaingo aurrean zegoen eskailera txiki bat kentzeko. Bat-batean, udalekoek 1,7 metroko harresi bat oparitu digute liburutegiko sarrera estaltzeko; eta udaltzainei, haien bulegora sartzeko, hamabi eskailerako eskalinata oparitu dizkiete. Horrelako opari berezi gehiago zin egin dizkigute.

Baina oparirik onena gasolindegian eraiki nahi dutena da, biribilgunea, alegia. Egun, autoak betiko moduan egiten dituzte joan-etorriak Alturriagatik, oinezkoen pasabidean beharrezkoa denean geldituta. Udalekoek hori aldatu nahi dute, ez dakit zergatik.

Aurrerago, gidariek pasatzen utzi beharko dute biribilgune berrian sartzean eta, bai sartzean eta bai irtetean, kontu handiz ibili beharko dira beste autoekin, oso estua delako. Bizkaibusa etorriko balitz lekurik ez lukete izango. Istripuak, aldiz, ugari izango lirateke.

Gu, oinezkoak, biribilgune inguruan ibiliko gara: orain lau pausotan egiten duguna gero hamalau pausotan egingo dugu. Txirrindulariek ez dute inoiz bidegorria erabiliko, eta dagoen leku guztia beteko du biribilguneak. Benetan opari txarra da biribilgunea.

Denbora dugu oraindik. Nik, badaezpada, Olentzerori eskatuko diot proiektua aldatzea. Adibidez, enparantzako pasalekua Etxegoien bideraino luzatuz. Horrela leku gehiago izango dugu edozertarako, baita diru gehiago ere. Udalekoek azalpen asko eman beharko dituzte proiektua ez aldatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide