Bere ibilbide profesionalari eta Bahrain-McLaren-en izango duen etorkizunari buruz hitz egin zuen Aritz Arberasek

Julen Solaun Martinez 2019ko abe. 31a, 10:05

Amurrion egindako solasaldian Mikel Landaren Bahrain-McLaren taldeko fitxaketa berriaren inguruan aritu zen, baita Astana eta Euskadi Fundazio taldeetan bizi izan duen esperientziari buruz.

Bere ibilbide profesionalaz eta hurrengo urterako Bahrain-McLaren txirrindularitza taldeko fitxaketaren inguruan aritu zen ostiral arratsaldean Aritz Arberas goi-mailako kirol prestatzailea, Amurrion eskainitako solasaldian.

Hizlariak, esaterako, txirrindularitza lasterketak Formula 1ekoekin konparatu zituen, McLaren bezalako automobilismo talde batek txirrindularitzan izango duen paper berria azaltzeko.

“McLarenek bere zale askok txirrindularitza ere maite zutela ikusi zuen, eta horregatik erabaki zuten txirrindularitzan sartu eta Bahrain-McLaren taldean inbertitzea”, gehitu zuen Arberasek.

Era berean, txirrindularitza taldeak Formula 1eko teknologiak eta lasterketak planteatzeko estrategiak aprobetxatu ahalko dituela adierazi zuen ere, eta alderantziz.

Fitxaketa horren aurretik hiru urte eman zituen amurrioarrak World Tour kategoriako Astana taldean, prestatzaile gisa ere. Han, solasaldian azaldu zuen, oso erlazio ona mantendu izan zuen Alexander Vinokurov taldearen manager eta txirrindulari profesional ohiarekin. Nahiz eta “familia batean bezala” sentitu izan zen, “lan pilo bat” egin behar izan zuen ere, “emaitza onak” lortuta.

Eta, World Tour mailaren aurretik, Kontinental mailako Euskadi Fundazioan izan zen, baita Dubai taldean ere. Azken hau, “esperientzia gatza” izan zen berarentzat maila pertsonalean, baina “oso ona” maila profesionalean.

Euskadi Fundazioan, berriz, baliabide gutxi zituztela esan zuen, nahiz eta “oso urte politak” izan zirela uste: “Tupper batekin aurrera eta atzera genbiltzan, Frantziara asteartean joan eta igandean bueltatzen ginen; astero errepikatzen genuen”.

Amaitzeko, Arberasek Amurrioko Txirrindularitza Elkarteari eskerrak eman zizkion, eta elkarteko kideek liburua eta Bernard Hinault txapeldun frantziarraren argazkia oparitu zizkioten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide