Otsailaren 14an 19:00etatik aurrera euskal mendizaletasunak protagonismo osoa hartuko du Amurrio Antzokian. Izan ere, Euskal Mendizaletasunaren XXIV. Gala ospatuko dute.
Hitzordu horretan aitortuko ditu Euskal Mendizale Federazioak kirolari onenak zenbait esparrutan: orientazioan, eskaladan... Hurrengo asteartetik aurrera jakinaraziko dituzte irabazleak.
Axier Vivanco Amurrio Trail Taldeko kideak azaldu duenez, federazioak bere gain hartu du sari banaketa, baina amurrioarrek galaren gainerako elementuak antolatuko dituzte: musika taldea eramango dute oholtzara, besteak beste.
Vivancok nabarmendu du federazioaren aldizkariak ere sariak emango dituela: "Hiru hilean behin argitaratzen da Pyrenaica, eta 30.000 ale plazaratzen ditu".
Sarrerak
Amurrio Trail Taldeko bozeramaileak iragarri duenez, Amurrio Antzokia betetzea da helburua. Hasteko, gonbidatuak 200 inguru izango dira. Horrez gain, sarrerak erosteko aukera ere eskainiko dute otsailaren 7ra arte: "140 sarrera inguru salduko dira Turismo Bulegoan, eta bi mota egongo dira. Gala ikusteko bakarrik 4 euro ordaindu beharko dira. Ekitaldiaren ostean afaria egingo da Abiaga Jatetxean. Horretan parte hartzeko 40 euro balioko dute sarrerek".