San Anton Armuru azoka egingo dute datorren igandean Amurrion. Goiz osoko ekimena izango da, baina 12:30ean espero dute biltzea jende gehien.
Izan ere, ordu horretan izango da enkantea. Hala, lortutako dirua alboko esklerosi amiotrofikoa ikertzeko emango dute antolatzaileek, jakinarazi dutenez.
Gainontzekoan, kale animazioa eta azoka izango dira nagusi. Hain zuzen, postu ugari kokatuko dituzte San Anton plazaren inguruetan, eta nola tokiko hala kanpoko ekoizleen lanak ezagutzeko zein erosteko aukera eskainiko dute.
Horrez gain, Ugarte otxotearen kantu emanaldia edukiko dute bertaratzen direnek, eta goizean goiz meza egongo da.
Antolatzaileen esanetan, oraindik aukera dago postua jartzeko baimena eskatzeko. Interesdunek 664081883 telefono zenbakira hots egin beharko dute horretarako.
Aurreratu dutenez, urtero moduan, txosna eta herriko produktuen saski zozketa jarriko du antolakuntzak bisitarien eskura.