Zabaleko Ikastetxeko gela bat lekuz aldatu dute tximinian dagoen isurketagatik, baina arriskurik ez dagoela ziurtatu dute suhiltzaileek

Aitor Aspuru Saez 2020ko urt. 14a, 16:40
Zabaleko Ikastetxean birritan egin dituzte neurketak suhiltzaileek. / Aiaraldea.eus

Arabako Suhiltzaileek adierazi dute CO2 neurketak egin dituztela eta emaitzak normalak direla. Zabalekoko Guraso Elkarteak eta Amurrioko Udalak nabarmendu dute ez dagoela alarmarako inolako arrazoirik.

Ostiralean eta atzo Arabako Suhiltzaileek CO2 neurketak egin zituzten Zabaleko Ikastetxean, gela batean eta jantokian usain arraroa zegoelako. Arabako Suhiltzaileek adierazi dute "konbustio" usaina zela, eta ez gasarena.

Berez, Guraso Elkarteak azaldu du galdaran ez dagoela matxurarik, baizik eta tximinian arrakala bat dagoela eta CO2 isurketa sortu dela hor. Hala ere, suhiltzaileek ziurtatu dute ez dagoela inolako arazorik, egindako neurketen arabera.

Dena den, kaltetutako gelako ikasleak beste leku batera mugitu dituzte eta bazkal orduan galdara itzaltzen dute, jantokian edozein isurketa ekiditeko.

Konponbidea
Amurrioko Udalak atzo bilera egin zuen Guraso Elkartearekin eta komunikatu zion bihar teknikariak ikastetxera joango direla probatzeko ea hodi batekin isurketa konpondu dezaketen.

Bitartean, Guraso Elkarteak azpimarratu du ez dela alarmarik sortu behar: "ez dago inolako arriskurik".

Gurasoek aipatu dute urrian jakinarazi ziotela egoera tokiko erakundeari, baina suhiltzaileen beharra izan arte ez dutela esku hartu. "Udalak ondo jokatu du, baina azkarrago egin behar zuen", argitu du familien bozeramaileak.

Bestalde, elkarteko kideek erantsi dute ez duela zentzu handirik lan handiak abiatzea ikastetxean, laster eraikin berria egingo baitute bertan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide