Udaberriko txapelketa antolatuko du otsailean Amurrioko xake taldeak

Julen Solaun Martinez 2020ko urt. 15a, 10:00

Xakea da protagonista astero Bañuetan. / Aiaraldea.eus

Nahiz eta neguko lehiaketa oraindik ez den amaitu (jardunaldi bat falta da), datorren hilabeteetarako norgehiagokak prestatzen ari dira dagoeneko. Era berean, aldibereko partidak ere antolatuko dituzte Amurrioko eta Bañuetako jaietan, udan.

Amurrioko xake taldeak udaberriko torneoa antolatuko du otsailetik ekainera bitartean. Txapelketa irekia izango da eta, beraz, edonork hartu ahalko du parte, taldeko kide izan hala ez. Antolatzaileetako batek, Jon Gerrerok, adierazi duenez, ez da ezer ordaindu beharko norgehiagokan parte hartzeko.

"Lehiaketa sistema suitzarra" erabilita jokatuko da txapelketa, xake torneoak egiteko era ohikoena, hain zuzen ere. Hortaz, partaide guztiek bost partida jokatu beharko dituzte gutxienez; bana 15 eguneko. Norgehiagoka guztiak irabaztea lortzen duen jokalariari emango zaio txapela.

Era berean, neguko xake torneoa egiten ari dira oraindik, jardunaldi bat falta da amaitzeko. Hamabost partaide daude guztira.

Taldeak hamazortzi kide ditu guztira, eta helduentzako zein gazteentzako klaseak eskaintzen ditu astero. Otsailetik ekainera, berriz, xake ikastaroa emango dute asteartero: 18:30etatik 19:30etara gazteentzako, eta 19:30etatik 21:00etara helduentzako. Ostegunetan, aldiz, Bañuetan duten egoitzara partidak jokatzera joateko gonbita luzatuko dute.

"Balorazio baikorra"
Gogoratu beharra dago taldea irailean sortu zela berriro, hainbat urte desagertuta eman ostean. Beraz, Guerrerok “balorazio baikorra” egin du hilabete hauetako ibilbideari dagokionez: “Ezer ez izatetik zerbait izatera pasatu gara”.

Etorkizunari begira, udaberriko txapelketaz eta xake ikastaroaz aparte, aldibereko partidak ere antolatuko dituzte, Amurrioko eta Bañuetako jaietan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide