Amurrioko PSE-EEk mozioa aurkeztu du familien elkartze puntu baten sorrera eskatzeko.
Taldeko bozeramaileak, David Romerok, ekimen hori “lehentasuna” dela adierazi du, batez ere, Amurrion epaitegiak daudela eta eskualde osoan horrelako punturik ez dagoela ikusita.
Hortaz, alderdi sozialistak, “umearen interes gorena babestearren eta gurasoen arteko erlazio hoberenak mantentzearren”, Eusko Jaurlaritzarekin batera lanean jartzeko eskatu dio gobernu jeltzaleari, “irekiera lasterra” lortzeko asmoarekin.
Gurasoen arteko adostasunik gabeko kasuetan, “epaileek diktatutako neurriak aplikatzeko” erabili ahalko lirateke ere puntu horiek, Romeroren esanetan.
Era berean, zerbitzuaren kudeaketarako kolaborazio hitzarmena sinatzea eskatu du ere PSE-EEk.
Familien elkartze puntuak dohain erabiltzeko espazioak direla gogoratu du oposizioko taldeak, baita neutralak eta segurtasun “berme osokoak” direla ere.
Maiztasunez informeak egiten dituzten espezialistak ere daude puntu hauetan lanean, eta epaileen erabakietan eragina izan dezakete.