"Europaren hipokrisia kritikatzen dut; uste dut hamarkada hau lotsarekin pasatuko dela historiara"

Julen Solaun Martinez 2020ko urt. 21a, 20:03
Diskoa aurkezteko bira egingo du Xabi Bandinik Euskal Herritik. / Carles Garcia

XABI BANDINIk (Iruña, 1983) BIBA! disko berria plazaratu zuen iragan Durangoko Azokan, bere bakarkako bigarrena Kerobia taldean hainbat urte eman eta gero. Bira berriko lehenengo kontzertua Hatortxu Rock jaialdian eman zuen abendu amaieran eta, urtarrilaren 24an Amurrioko Burubio Kultur Elkartean egongo da. Era berean, Jon Maia dantzariarekin batera emanaldiak eskaintzen ari da Euskal Herriko antzokietan. Amurrioko kontzerturako sarrera bikoitza zozketatuko du Aiaraldea.eus-ek laster.

Ostiralean joko duzu Burubion. Han heavy metaleko, reggaeko eta hainbat generotako kontzertuak daude programatuta. Zer nolako harrera izango du zure popak bertan?

Ikusi beharko dugu, baina Burubioko ikuspuntua ikertzen egon naiz, eta musikaren aldeko jarrera dutela eta musika sustatzea bilatzen dutela ikusi dut. Toki hauek oso interesgarriak izaten dira oro har, Euskal Herrian dauden tendentziak ezagutzeko.

Hatortxu Rocken izan genuen lehenengo aukera jendearen aurrean proiektu berri hau eta kantu berri hauek eskaintzeko. Bigarren aukera hau nola egiten duen bat ikusteko erabiliko dugu.

Duela hilabete inguru atera zenuen diskoa. Zer kontzertu bira daukazue programatuta?

Durangoko Azokan aurkeztu genuen nire bigarren bakarkako diskoa, baina kasu honetan bandarekin nator. Durangon horrelako 'brief' txikia egiteko aukera izan genuen.

Orain Euskal Herriko hiriburuetan egingo dugu aurkezpena, hemendik martxora arte; Amurrion, Arrasaten eta beste herri batzuetan ere joko dugu.

Orain mahai gainean duguna hau da, gure disko berria aurkeztuko dugula. Dena den, informazio guztia nire Instagramean dago, hor bertan lortu daitezke sarrerak.

Zure diskoak BIBA! du izenburua, harridura ikurrarekin eta letra larriz. Zer dela eta?

Azken aldi honetan asko errepikatzen didaten galdera da. “BIBA!”, bi b letrarekin eta harridura ikurrarekin. Disko honetarako izenburu sofistikatua nahi nuen. Disko hau energia askorekin dator, produkzio handia dauka, Pello Reparazekin egin dugu produkzioa.

Aurreko lana lasaia zen, etxean grabatutakoa, hau indartsuagoa da, erritmo arinagoekin. Ea zer titulu sofistikatu jarri nengoen pentsatzen eta burura gauza sinple bat etorri zitzaidan: Biba. Eta horrekin geratu nintzen.

 

“Muturreko eskumek sinestarazi egin nahi digute azkenaren eta azken aurrekoaren arteko gatazka dela hau”

 

Erritmo elektronikoak tartekatzen dituzu disko berrian. Zer nolako estilo eboluzioa izan duzu?

Egia esateko, pare bat abesti daude diskoan lasaiak direnak, baina, orokorrean, diskoaren egitura elektro-popa da. Hori izango litzateke etiketa; 1990eko hamarkadako soinuak ekartzen ditu, eta ahotsaren melodiari garrantzia ematen dio.

Protagonismo handia hartu du Pello Reparazek. Berak ekoizpen lana egin du, bere jakintzak sartu ditu, Ingalaterran ikasitakoak.

Zetaken lana ere hor badago, zalantza gabe arrakasta handiko lana. Pello Reparazen ukitua asko nabaritzen da, erritmoan batez ere. Berak esaten duen bezala: “Inolako frekuentziarik faltan ez egotea”.

Zer gai tratatzen dituzu abestietan?

Uste dut Kerobia ezagutu duen edonork, edo nire aurreko diskoa, Begibakar, ezagutu duen edonork, badakiela. Gizon eta emakumearen arteko pasioaren inguruan hitz egiten dugu beti. Istorioak kontatzen ditugu.

Disko honetan badago hori ere, baina oraingo honetan beste gai batzuen inguruan hitz egitea nahi nuen: Nola den posible Mediterraneoan jendea itota hiltzea, edo nola den posible Siriako errefuxiatuekin gertatzen ari dena. Lesbosen daude oraindik, edo Greziako mugetan.

Lehenengo pertsonan autokritikatzen dut Europaren hipokrisia. Uste dut hamarkada hau historiara lotsarekin pasatuko dela.

Honi buruz hitz egin nahi nuen, baina ez era zakar edo mingarri batean. Bi gauza esan nahi ditut; lehenengo pertsonan hitz egiten dudala, gu gara Europa, gu gara hipokritak; eta maitasuna eta esperantza dagoela, guretzako eta datozenentzako ere.

 

“Diskoak 1990eko hamarkadako soinuak ekartzen ditu, ahotsaren melodiari garrantzia ematen dio”

 

Nazionalismoen kontrako diskurtsoa ere badago?

Ez. Dagoena da kritika oso fuerte bat. Nola den posible Europako jendeak, guk, sinistea posible dela azkenekoa azken aurrekoaren kontrako gatazka bihurtzea.

Adibidez, Siriako errefuxiatuena, edo Afrikatik etortzen direnak, edota norbaiti osasun asistentzia ez diotenean ematen.

Gauza horiek guztiak XXI. mendeko Europan sinesgaitzak egiten dira. Muturreko eskumek sinestarazi egin nahi digute, eta askok sinesten dute, azkenaren azken aurrekoaren kontrako gatazka dela, eta ez pertsona normalen elitearen kontrako gatazka.

Zer desberdintasun nabaritzen duzu Kerobia taldean aritzen zinenetik oraingo bakarkako disko hauetara?

Orain dela urte eta erdi atera nuen bakarkako nire lehenbiziko diskoa. Aldaketa handiagoa izan zen, nik neuk grabatu nuelako etxean bakarrik, gitarra batekin eta orri txiki batekin.

Oso gauza leuna zen. Birarekin hasi ginenean, eta Alberto Isaba berriro animatu zenean biran lan egitera, dena aldatu zen. Orain disko berria dator; nik uste dut Kerobiak jarraitu izan balu disko honetara iritsiko litzatekeela.

Kontzertuetatik aparte, ba al daukazu beste proiekturik aurreikusita?

Beste proiektu batean nago oraintxe bertan. Jon Maia dantzariaren Gauekoak ikuskizunean parte hartzen dut. Euskal Herriko antzokietan aurkezten ari gara. Paraleloan dudan bigarren proiektu honekin ere asko gozatzen ari naiz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide