Enkantea izan da, hain zuzen ere, goizeko momentu nagusia, non jende gehien pilatu den. Han, hainbat kirol taldetako kamisetak, gazta, txakolina, ogia eta tokiko beste hainbat produktu saldu izan dira. Diru irabaziak, dena den, ez dira antolatzaileentzako izan, ELA gaixotasunaren Espainiako elkarterako baizik (Adela).
Azoka berari dagokionez, denetariko produktuak saldu dira: kontserbak, txerrikiak, barazkiak, fruta eta edariak, besteak beste.
Hala ere (eta ezingo litzateke beste modu batean izan), produktu izarrak gazta, txoripana eta pastela izan dira. Pertsona asko egon dira pastel apur bat dastatzen, erositako gazta poltsa batean sartuta zutela. Beste askok txoripana hautatu dute hamaiketako bezala, salda beroa edaten zuten bitartean. Txakolina, nola ez, beste aukera arrakastatsuetako bat izan da.