Oso denbora gutxi baliatu duzu De lunas sin noches liburua idazteko, hilabete bat baino ez. Ezohiko inspirazio baten emaitza izan da edo aurretik asko pentsatutako zerbait izan da?
Hori da, hilabete bakarra behar izan dut liburua idazteko. Uste baino arinago. Hain azkar egin arren, idatzi aurretik ez nuen ezer pentsatu, gaia izan ezik. Idaztera esertzen nintzen bakoitzean dena jariatzen zen. Ideia bat nuen eta hortik aurrera dena garatzen joan nintzen. Zorionez, emaitza gustatu zitzaidan eta ez nuen denbora gehiegi erabili errepasoa egiteko. Harritu egin nau dena hain ondo joan izanak. Benetako gozamena izan da liburu hau hain erraz idatzi ahal izatea, inolako trabarik gabe. Harritu ere egin nau nirekin harremanetan jarri ziren argitaletxeek hain ondo baloratu izana nire lana. Ez nuen espero.
Liburuko olerki guztien artean badago hari komun bat, ez?
Depresioari buruz hitz egiten du liburuak. Bakardadean sufritzen duten eta ezulertuak edo ahaztuak sentitzen diren pertsona horientzako omenaldia da. Jende asko dago bakarrik sentitzen dena, isilean borrokatzen dena eta dagoeneko amore eman duena. Saiatu naiz erakusten beti dagoela irteera bat. Istorio honekin pertsona guzti horiek borrokan jarraitzera motibatu nahi izan ditut.
Ez dira ausazko bertsoak edo zentzurik gabeko errimak. Bizitzak garaitutako pertsona baten istorioa kontatzen du liburua. Depresioa duen gizona da, egunero aurrera jarraitzeko modua bilatu behar duena. Ezbeharrak ugariak izan arren, pertsonaiak bizitzari eusten dio. Egun bakoitza biziraupenaren aldeko borroka berri bat da. Protagonista hainbat aldiz hondoratzen da, bizirauteko modua aurkitu arte.
“Benetako gozamena izan da liburu hau hain erraz idatzi ahal izatea, inolako trabarik gabe. Harritu ere egin nau nirekin harremanetan jarri ziren argitaletxeek hain ondo baloratu izana nire lana”
Literatutaik bizitzea duzu helburu. Posible ikusten duzu?
Uste dut mundu guztiari gustatuko litzaiokeela atsegin duen horretan aritzea. Idazteko denbora izatea gustatuko litzaidake, eta gainera honetaz bizi ahal izango banu, hobe. Badakit nire helburua zaila dela. Horregatik, beti saiatuko naiz hori lortzen. Ibilbide luzeko helburua da. Ez dago iraungitze-datarik, beste lanbide batzuetan egon daitekeen bezala, kirolean adibidez. Zure bizitzako edozein unetan lor dezakezu. Horregatik, etengabe hobetzen eta ikasten jarraitu behar dut, amorerik eman gabe inoiz, ezta une txarretan ere. Argi daukat lan asko egiteaz gain zorte handia ere beharko dudala. Horregatik saiatuko naiz behar den guztietan. Borrokalaria eta burugogorra naiz, eta lortu arte ez naiz geldituko.
“Argi daukat lan asko egiteaz gain zorte handia ere beharko dudala. Horregatik saiatuko naiz behar den guztietan”
Badituzu bestelako proiektuak esku artean, ez?
Bai, oraintxe bertan bi liburu idazten ari naiz aldi berean, poesia bata eta eleberria bestea. Lana dela eta, ez dut idazteko denbora gehiegi (Bilbon nabil lan egiten). Horregatik, ditudan une apurrak aprobetxatzen saiatzen naiz. Aukera dudanean, lanari ekiten diot. Edozein unea da ona aurrera egiteko. Treneko bidaiak nahiko emankorrak izaten dira. Denbora gehiago izatea gustatuko litzaidake mugarik gabe idatzi ahal izateko, baina oraingoz hori ez da posible. Horregatik, lasai hartu behar dut. Nire helburua merezi duen zerbait argitaratzea da, ez argitaratzeagatik argitaratzea. Benetan ona den zerbait sortu nahi dut. Horrela ez bada, ez du merezi ezer ateratzea.
“Oraintxe bertan bi liburu idazten ari naiz aldi berean, poesia bata eta eleberria bestea”
Eleberria bat idaztea duzu buruan. Poeta edo istorio kontatzaile, nola ikusten duzu zure burua gehiago?
Hala da, horretan nabil. Niri istorioak kontatzea gustatzen zait. Ez zait axola zer genero erabili horiek kontatzeko. Aukeratu behar badut, nahiago dut eleberria idatzi. Baina poesia idazten ere jarraituko dut; izan ere, idazle gisa hazteko, ahalik eta modalitate gehien menderatu behar dira.
Argi dago zailagoa dela errimak erabilita zerbait kontatzea. Horregatik erabaki nuen nire ibilbidea genero honetan hastea, jende gutxiagok egiten duelako, eta uste izan nuen errazagoa izango zela ezagutzera ematea, konplexutasun handia duen arren. Nire irudimenean sortzen den guztiarekin jendearengana iristea nahi dut. Idazten dudana irakurtzen duen jende guztiak errealitatetik ihes egitea nahi dut, une baterako besterik ez bada ere. Azken finean, guztiengana iristea da helburua, erabiltzen dudan generoa edozein dela ere. Aitortu behar dut, hala ere, nire ibilbidea genero narratiboan zentratu nahiko nukeela, poesia alde batera utzi gabe.
Beste zer edo zer gaineratu nahiko bazenu…
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet liburua erosi duten edo nigatik interesatu diren guztiei. De luna sin noches zabaltzen lagundu duten hedabide eta pertsona guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiet.
Azkenik, liburua eskuratu nahi duen ororentzat hainbat leku eta webgunetan egiteko aukera dago. Poesía eres tu argitaletxearen webgunean dago liburua salmentan, baita El corte inglés, La casa del libro eta beste hainbat saltokiren webguneetan. Interesa izanez gero, nahikoa da nire izena (Javier Arteta Navarro) edo liburuarena googlen jartzea.